AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/12/19 08:28

Azken egunetan, Euskal Herrian bost lagunek deklaratu behar izan dute epailearen aurrean, Palestinaren aldeko mobilizazio batzuen harira. Aurreko ostegunean, abenduaren 11n, donostiar batek deklaratu behar izan zuen bertako epaitegian: aurtengo Zinemaldian bide-mozketa bat izan zen Zurriolako zubian, palestinarren aurkako sarraskia salatzeko, eta protesta-ekintza horren ardura leporatu nahi diote. 

Astebete beranduago, atzo hain justu, lau nafarrek igaro behar izan zuten epailearen aurretik. Iruñeko epaitegian deklaratu zuten, ikerketapean baitaude Espainiako Vuelta Irunberritik igarotzean Israel Premier Techen aurka protesta egiteagatik"Lesioak" eragitea, "zirkulaziorako arriskuak sortzea", "agintaritzari aurre egitea" eta "desobeditzea" egozten diete, baita Irunberrin "desordena publikoak eragitea" ere. Bi egunetan izan ziren elkarretaratzeak epaitegien aurrean, deklaratzera deitutako pertsonei babesa emateko eta errepresioa salatzeko.

Abenduaren 1ean, gainera, agerraldi bat egin zuen Palestinarekin Elkartasunak: Palestinaren alde mobilizatzeagatik jazarriak izaten ari diren lagunei elkartasuna adierazi zien, eta defendatu zuen "palestinar herriaren eta erresistentziaren aldeko mobilizazio eta borroka forma oro zilegia eta beharrezkoa" dela. "Errepresioak ez dezala Palestinarekiko elkartasuna eten", gaineratu zuen.

EZ DAGO IRUZKINIK