AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / aiaraldea.eus
Dorleta Agiriano
@urmargoa
2026/02/10 21:17

Tubos Reunidosek Amurrion (Araba) daukan lantokiko langileek borroka egingo dute zuzendaritzak ezarri nahi duen kaleratze kolektiboaren aurka. Plantilla atzo arratsaldean bildu zen ia lau orduz asanbladan, eta erabaki zuen bost-greba egun eta lau orduko lanuzteak egitea datozen asteetan. Otsailaren 17an, 23an eta 26an eta martxoaren 4an eta 9an izango dira grebak (zuzendaritzarekin bilerak izango diren egun beretan), eta otsailaren 18tik martxoaren 6ra bitartean egingo dituzte lau orduko lanuzteak txanda bakoitzean. "Labeak duen funtzionamendu erarekin, lau orduko lanuzteekin ia geldirik egongo da egun osoa", diote sindikatuek, Aiaraldea.eus-ek jaso duenez.

Aurreko astelehenean izan zen zuzendaritzak iragarritako enplegu-erregulazioko espedienteari buruzko lehen bilera, eta aurretiaz langileen artean sortutako kezka baieztatu zen: enpresak 301 behargin bidali nahi ditu kalera, hain zuzen ere, 274 Amurrioko lantegian eta 27 Trapagarangoan (Bizkaia). 2025ean izandako galera ekonomikoak argudiatu ditu horretarako. Hori gutxi balitz, Amurrion "jardueraren etenaldi" bat hasi nahi du enpresa-zuzendaritzak, eta langileak beldur dira horrek ez ote duen, aurrerago, fabrikaren itxiera ekarriko. Alerta erabatekoa da, beraz.

Espedientearen inguruko aurreneko bilerarekin bat eginez, astelehenean izan zen Amurrioko plantillaren lehenengo lanuztea ere, enpresak iragarritako espedientearen aurka. Goiz horretan bildu ziren lehenengoz zuzendaritza eta sindikatuak, eta eguerdian jakinarazi zuten zenbat kaleratze gauzatu nahi dituen zehazki Tubos Reunidosek. Horren ostean, ostiral honetarako greba-deialdia egin zuten ELA, LAB, ESK, CCOO eta UGT sindikatuek.

Gerora, greba mugagabera jotzearen alde egin dute ESK eta ELAk, baina plantillak ez dio momentuz aukera horri helduko. Amurrioko langile-batzordean zortzi ordezkari ditu ELAk, bost UGTk, lau LABek, eta bina ESK-k eta CCOOk. Trapagaranen, oraingoz, ez dute protesta-deialdirik egin.

Enpresako zuzendaritzaren gezurrak langileei, zatiketa sortzeko

Aiaraldea.eus-ek azaldu duenez, atzoko langile-asanbladaren aurretik, beharginen artean nahasmena eta zatiketa sortzen saiatu zen enpresa-zuzendaritza. Izan ere, eguneko bi lan-txandetan, altzairutegiko langileei esan zien kaleratuen zerrendan daudela guztiak, eta kontrakoa ijezketakoei: haiei adierazi zien lanpostua mantenduko dutela. Dena den, plantillak batasunez aritzea erabaki zuen horren osteko asanbladan, mobilizazio-ziklo bati jarraipena emanez.

EZ DAGO IRUZKINIK