AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Lizarraldeko IA
2020/06/16 13:33

Apirilean, Lizarraldeko BHI ikastetxeko eta Lizarrako Ikastolako zuzendaritzei hainbat eskakizun helarazi zizkieten Lizarraldeko Ikasle Autodefentsa Sareak eta Ikasle Abertzaleakek. "Langile klaseko ikasleen defentsarako" jardunaren barruan kokatu zituzten aldarrikapen horiek.

Ikasturtearen amaieran, ikasleek salatu dute zuzendaritzak muzin egin diela eskakizunei, eta hainbat gertakari azaldu dituzte adibide modura. Esaterako, eskaeretako bat zen "ikasleak lehen kontaktua izatea", baina Lizarraldea BHIko zuzendaritzak galdetegi bat bidali zien gurasoei duela hainbat aste, haien seme-alabak klasera itzultzea nahi zuten edo ez galdetzeko. LIASen eta IAren esanetan, horrekin, zuzendaritzak urratu egin du ikasleek eskatutakoa.

Ordutegiak errespetatzea ere exijitu zuten ikasleek, baina ikastetxe bereko D ereduko hainbat ikaslek arratsaldean izan dituzte azterketak, baita eskolak ere. LIASek eta IAk salatu dutenez, agerian geratu da "zuzendaritzaren gaitasun edota borondate eza arazoei konponbidea bilatzerako orduan". Apirilean ikasleek seinalatutako arazoek "berdin edo okerrago jarraitzen" dute, hortaz.

Lizarra Ikastolako zuzendaritzaren kasuan, ez die "eskakizunak lantzen dituen erantzunik" eman ikasleei.

Aurrera begira

Konfinamendu garaian hasitako dinamikaren helburua "ikasleon interesak defendatzea eta baldintzetan hobekuntzak ematea" zen, LIASeko eta IAko kideek nabarmendu dutenez. Dena den, "aldaketak egiteko eskumena zutenen jarrera lotsagarria" izan dela diote: "Ikasleen proposamenak gutxietsi dira, gure baldintzek okerrera egin duten eszenatoki batean".

"Beste behin agerian geratu da ikasleon interesen defentsan ikasleak garela berme bakarra, eta gure baldintzen hobekuntza errealak lortzeko autodefentsa antolatu beharra dugula. Ikasturtea amaitzear da, baina borrokak ez du etenik, eta inoiz baino zaurgarriago diren ikasleon interesen alde jarraituko dugu", azpimarratu dute.

EZ DAGO IRUZKINIK