AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Friedrich Merz (X)
2025/12/16 12:48

Hilaren 13an Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak bere koalizioaren (CDU-CSU) ekitaldi batean egindako hitzaldiaren berri eman du Die Zeit-ek. Bertan ohartarazi zuenez, "borondatezko" errekrutamenduak Bundeswehr-aren soldaduen kopurua azkar handitzea lortzen ez badu, Bundestag-ak eztabaidatu beharko du, legegintzaldi honetan bertan, soldadutzari begirako nahitaezko elementuak sartzearen inguruan. Hala ere, zehaztu du mota horretako edozein neurri gizon gazteei "bakarrik" aplikatuko litzaiekeela, Alemaniako Konstituzioak politika hori emakumeetara zabaltzea galarazten baitu, erreforma sakonik egin ezean.

Adierazpen hori "borondatezko" soldadutzaren lege berri bat onartu berri denean egin du Merzek. Lege hori, teorian, 2026an sartuko da indarrean, eta 2035erako 460.000 soldadu biltzea du helburu, erreserbistak barne. Arauak ezartzen duenez, 18 urteko gazte guztiek beren motibazioari eta egokitasunari buruzko galdetegi bat jasoko dute: derrigorrezkoa izango da gizonentzat (bestela isuna jarriko diete) eta borondatezkoa emakumeentzat. Halaber, modu horretan "boluntario" kopuru jakin batera iristen ez badira, Parlamentuak soldaduska derrigorrezko bilaka dezakeela aurreikusten duen klausula bat jasotzen du idatziak. Hain zuzen ere, horixe da Merzek dagoeneko aurreratu duena, "boluntarioen" eredua indarrean sartu aurretik gainera.

Koalizio kontserbadore-sozialdemokratako buruak "armada indartzeko beharra" azpimarratu du, "Errusiak Ukrainan egindako inbasioa bezalako mehatxuen aurrean". Alemaniako Konstituzioak derrigorrezko soldadutza etenda dauka 2011tik, baina gizonentzat bakarrik, dena den. Emakumeak armadan sartzeak zuzenketa konstituzional bat eskatuko luke. Bitartean, milaka gaztek protesta egin dute Alemaniako dozenaka hiritan, Ez dugu kanoi-bazka izan nahi lelopean.

Merzek neurria defendatu du berak nahitaez egindako soldaduska gogora ekarriz, herrialdea defendatzeak "merezi" duela argudiatuta.

EZ DAGO IRUZKINIK