AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Flickr
2025/06/23 07:43

Murtziako Unibertsitateak Lisboako Unibertsitatearekin lankidetzan 2024ko maiatzean egindako ikerketa baten arabera, Espainiako Estatuko herritarren %89k eta Portugalgo herritarren %93k arazo larritzat jotzen dute ustelkeria (Europar Batasunean, batez beste, %70ek). Bestalde, %82k eta %85ek, hurrenez hurren, politikaren eta negozioen arteko harreman interesatuak identifikatzen dituzte. Zentzu horretan, enpresa-arrakasta lotura politikoen mende dagoela uste dutenak %70 dira Portugalen (EBn baino 20 puntu gehiago), eta %49 Espainiako Estatuan.

Dokumentuak gaineratzen duenez, politikari profesionalak dira fenomeno horren eragile nagusiak. Inkestan parte hartu dutenen ustearen arabera, Espainiako Estatuko 100 politikaritik 60 eta Portugalgo 100 politikaritik 70 daude sartuta praktika usteletan (talde sozial guztien artean zifra altuena). Deigarria da, kontzientzia orokor hori izan arren, Espainiako Estatuan soilik %11k eta Portugalen %10ek onartzen dutela noizbait eroskeria ("soborno" gaztelaniaz) ordaindu izana, iradokiz herritarrek ustelkeria sistemikoaren forma konplexuagoak identifikatzen dituztela.

Aipatutakoez gain, jendarteak politika profesionala ulertzeko daukan moduaz argi hitz egiten duten kontraesanak ere begibistakoak dira galdetegietan: bi herrialdeetako boto-emaileek onartzen dute hautagai ustel bat babestuko luketela botoa ematen dioten alderdikoa izanez gero (Espainiako Estatuan %76k eta Portugalen %68,2k). Horrez gain, beste justifikazio batzuk ere ageri dira, hala nola "Lapurtzen du, baina egiten du" (4,47 Espainian, 6,70 Portugalen) edo zuzenean "Begiko dut" (5,76 eta 6,60), delituaren normalizazioa erakutsiz interes propioetarako balio duenean. Induljentzia horrek, gainera, indar handiagoa ematen die hasieran aipatutako kontraesanei, galderak era abstraktuan egiten direnean jasotako erantzunei erreparatuta: aurreko erantzunak eman ondoren, Espainian %72k eta Portugalen %73k "onartezintzat" jotzen dute ustelkeria.

Erakundeekiko mesfidantzak areagotu egiten du arazoa. Portugaldarren %55ek eta Espainiako Estatuko biztanleen %35ek ez dute ustelkeria salatzen, "akusazioak inoiz ez direla inora iristen" uste dutelako; eta nolabaiteko errepresalien beldurra, berriz, gizartearen %31ra heltzen da. Valentzian, esate baterako, ustelkeriaren aurkako agentzia bat egonik ere (AVAF), %68k ez dute haren berri, eta ezagutzen dutenen %30ek baino ez dute positibotzat jotzen. Antzerako zifrak aurki daitezke beste toki batzuetan ere, ustelkeriaren arazoa sistematikoa dela eta instituzioetatik konponduko ez dela argi utziz.

EZ DAGO IRUZKINIK