Inoizko altuenak dira erregaien, argindarraren, gasaren zein oinarrizko elikagaien prezioak. Hori dela-eta, bizitzaren garestitzearen kontra mobilizatzera deitu zuten Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako Kontseilu Sozialistek. Gaur arratsaldean izan dira manifestazioak Bilbon (Bizkaia), Donostian (Gipuzkoa), Gasteizen (Araba) eta Iruñean (Nafarroa).
"Langile klaseko kideon bizitzen kostuak jasanezinak" bihurtzen ari direla salatu dute Kontseilu Sozialistek manifestazioen amaieran. "Azken bi urteak pandemian sartuta pasatu ditugu, eta, egoera horretan, osasun hondamendia, salbuespen egoera eta horrek dakarren eskubideen deuseztapena normalizatu dira. Gainera, kolapso ekonomikoa eta herritarren gehiengoaren bizi-mailaren okerragotzea disimulatzen ahalegindu dira agintariak eta gobernuetako propagandistak", seinalatu dute.
"Itxura batean, behintzat, pandemiatik urruntzen ari garen momentua aukeratu dute agintariek gerra deklaratzeko eta alde bateko zein besteko herritarrak pobretzeko eta nahieran manipulatzeko", adierazi dute une honetako egoera zehatzari erreferentzia eginda: "Gerraren bitartez, oligarka batzuk are gehiago ari dira aberasten —adibidez, Errusiako gasa blokeatzearen eraginez, AEBetako enpresari batzuk diru asko ari dira irabazten—, baina, beraientzako negozioa dena, herritar xumeontzako hondamendia izaten ari da".
Kontseilu Sozialistek zehaztu dute, gainera, "pandemiaren kudeaketa negargarria" eta gerra ez direla "fenomeno isolatuak": "Egiturazko krisialdi kapitalistaren adierazpenak dira; sistema ekonomiko honen dekadentziaren adibideak".
"Ezkerreko alderdi parlamentarioen noraez estrategikoa eta itxurakeria" ere jarri dituzte jopuntuan lau Kontseilu Sozialistetako kideek: "Langile klaseko kideei aterabide errealak eman baino, boterea zuritzeko papera betetzen dute; aurrez aipaturiko ABEEEak [aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak], Europar Funtsak onartzea, bizitzaren kostuen gorakada neurrigabearen aurrean soldatak huskeria bat igotzea edota politika gerrazaleak zuzenean edo zeharka babestea horren etsenpluak dira".
"Guk badakigu egoera honi ez zaiola buelta emango instituzioetatik. Behar-beharrezkoa da langile klaseko kideok gure kabuz antolatzea, aberatsen eta euren instituzioen eraginetik kanpo", ondorioztatu dute. Hortaz, ezinbestekotzat jo dute "gure bizitzen aurkako eraso bakoitzaren kontra protestatzea eta gure borrokek nazioarteko dimentsioa hartzea", bai eta "hori guztia sozialismoaren aldeko borrokaren parte" izatea ere, "horixe bera delako ongizate orokor baterako bermea".
"Kontseilu Sozialistek ekarpen bat egin nahi dute momentuko salaketak eta sozialismoaren eraikuntza uztartzeko", gaineratu dute gaurko mobilizazioetan: "Hemendik antolatzeko deia egiten dizuegu, norbere ahaletik eta aukeretatik abiatuta, ekarpen guztiak ondo etorriak direlako, eta denon ardura delako egungo gauzen egoera iraultzea".
Bestalde, aurreko astelehenetik greban dauden garraiolariei babesa adierazi diete gaurkoan: "Ez gara aipaturiko egoeraren aurka mobilizatzen ari diren bakarrak; hemendik, doakiela elkartasun keinu bat greban dauden garraiolariei. Indarrak batzea premiazkoa den egoera bat da bizitzen ari garena, eta horretan ahaleginduko gara". Iruñeko manifestazioan, esaterako, Kontseilu Sozialistak deitutako manifestaziora batu dira garraiolariak.
Manifestazioen Twitterreko jarraipen haria, hemen ikusgai