Guardia Zibilak Altsasuko Gaztetxea ixteko asmoa duela salatu du Altsasuko Gazte Asanbladak

Urtezahar egunean, Guardia Zibilak gazte asanbladako hiru kide gelditu eta hura ixteko asmoa adierazi zien. Agerraldi batean, asanbladako kideek Altsasuko Udalari eskatu diote "Guardia Zibilak hasitako prozesuan ez parte hartzeko".
Argazki Nagusia
Altsasuko Gazte Asanbladaren agerraldia. Argazkia: Guaixe
2021eko urtarrilaren 6a

Altsasuko Gazte Asanbladak jakinarazi duenez, hainbat guardia zibilek asanbladako hiru kide geratu zituzten abenduaren 31ko eguerdian. "Gaztetxea ixteko asmoa" dutela adierazi zieten hala, bai eta Altsasuko Udalarekin "harremanean jarriko direla" ere, balizko itxiera prozedura aurrera eramateko.

Igandean egindako agerraldian, asanbladako kideek salatu zuten gaztetxeak ixteko baliatzen ari direla, COVID-19a tarteko, egun bizi dugun egoera. Haien esanetan, esku-hartze horrek auzi politikoei erantzuten die, "eta ez osasun arrazoi batzuei": "Pandemiaren aitzakiapean, edozein adierazpen antolatu eta konfrontatibori jazartzeko aukerari, askatasun politikoen aurkako erasoaldiari, erantzuten dio". Bestalde, "gazteekiko kriminalizazioarekin bukatzeko" ere eskatu zuen gazte asanbladak.

"LANGILERIA KONTROLATZEKO NEURRIAK"

Gaztetxearen "erabilera seguru bat ziurtatzeko" gai direla azpimarratu zuten agerraldian, eta "ulergaitzat" jo zuten kultur etxeak, kiroldegiak edota tabernak irekita dauden bitartean, gaztetxeak itxita egotea exijitzea.

Halakoak "langileria politikoki eta sozialki kontrolatzeko errepresio neurriak" direla nabarmendu zuten ondorio modura, eta hainbat adibide aipatu zituzten: "16.000 euroko isun politikoak, Poliziaren presentzia itogarria, identifikazioak astero, mobilizazioen debekua, Ruben [Gelbenzu] arbizuarra espetxeratzeko arriskua eta salatzen ari garen erasoa bera".