AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/01/26 10:11

Bilboko (Bizkaia) Udalak gaur goizerako zeukan ezarrita Txurdinaga auzoko bizilagun baten etxegabetzea, Bilboko Etxebizitza Sindikatuak aurreko astean jakinarazi zuenez. Kaleratzearen kontra mobilizatzera ere deitu zuen sindikatuak, eta elkarretaratze bat antolatu zuen gaur goizerako. Hala, goizeko 09:00etarako, hainbat pertsona bertaratu dira Txurdinagako Julian Gaiarrera.

Ordurako, dispositibo handia zeukan prest Poliziak. Ertzaintza eta udaltzainak bertaratu dira auzora 07:30erako, eta polizia-lerro bat jarri dute kaleratua izatear zen pertsonaren etxe parean. Ertzaintzak hartu du etxe aurreko plaza, eta udaltzainak sartu dira atarira.

Etxearen kanpoaldean, dena den, ozen entzun dira etxegabetzeen kontrako oihuak goiz-goizetik. Ertzaintza protestan zeudenen kontra oldartu da: bi aldiz kargatu du haien kontra, eta atxilo eraman du manifestari bat.

Bilboko Udalaren esanetara dauden udaltzainek gauzatu dute, azkenean, etxegabetzea. Kaleratua izatear zen pertsonaren etxera sartu dira Ertzaintzaren kanpoko babesarekin, eta bere etxetik bota dute bizilaguna. Bitartean, kanpoaldean, ozen jarraitu dute etxe kaleratzeen kontrako garrasiek.

"Ez dituzte etxegabetzeak debekatu"

Jeltzaleek gidatzen duten udalak etxegabetzea gauzatu bezain pronto, hitza hartu dute Bilboko Etxebizitza Sindikatuko kideek. Jakinarazi dute udalak aurretik ere ohartarazi ziela kaleratzea izan izango zela, "bai edo bai"; "eta hala izan da". Etxegabetu duten pertsonarentzat udalak eskaini duen alternatiba bakarra da, gainera, aterpetxe bateko litera bat. "Hori ez da alternatiba bat", salatu du Etxebizitza Sindikatuak: "Lan egingo dugu alternatiba iraunkor eta kalitatezko bat lortzeko".

Seinalatu dute, bestalde, Txurdinagan gaur gertatutakoak berriz erakusten duela "fartsa bat" dela etxegabetzeen kontrako moratoria: "Etxegabetzeak ez dira inola ere debekatu, eta instituzioak beraiek dira horiek gauzatzen dituztenak". "Etxe kaleratzeen baldintzarik gabeko eten iraunkorrak baino ezin du hau geratu", aldarrikatu dute.

"Etxejabeak eta higiezinen enpresak aberasten ari diren bitartean, eta etxe hutsak dauden bitartean, ezin da baimendu inor kalean geratzea", gaineratu du Etxebizitza Sindikatuak: "Etxegabetzeak eten ditzatela eta galerak aberatsek har ditzatela euren gain. Baina hori ezinezkoa da sistema honen barruan, irabazi kapitalistari eraso egitea ekarriko lukeelako".

Gaurko etxegabetzearen zuzeneko jarraipena:

EZ DAGO IRUZKINIK