Gaur, uztailak 21, ohar bat argitaratu du Ikasle Abertzaleakek, Bilboko (Bizkaia) Errondabide herriko tabernan azaldu diren pintaketen inguruan zenbait argipen emateko. Izan ere, IAk erabili izan duen lema bat (Egoitza ikasleona da) baliatu dute margoketetan, eta horrek eragin duen testuinguruan, beren burua "zuzenean interpelatuta" ikusi dute ikasle antolakundeko kideek.
Azaldu dutenez, ez dute zerikusirik margoketa horiekin; ez Ikasle Abertzaleakek, "ez eta IAko militantziak zein oinarri sozialak ere". Ekintza horren egiletza haiena ez dela diote, "azken urte eta erdian egoitzaren gaineko erasoak hasi zirenetik IAk izan duen jarduteko modua" gogora ekarriz; alegia, "IAren komunikazio kanal ofizialetatik" egin dutela "sozializazio" oro, betiere, gertakarien gaineko "informazio zehatza eta sakona" helaraziz.
Hori dela eta, "modu ulergaitzean eta testuingurutik aterata" egon daitekeen edozer lekuz kanpo dagoela diote IAko kideek, eta hemendik aurrera ere "modu argi eta ulerkorrean" komunikatuko direla, komunikatzeko ezer egotekotan.
Egoitza, Ikasle Mugimenduaren esku
Gainera, Errondabideko egoitza gaurko egunez "Ikasle Mugimenduak erabiltzen duen egoitza" dela gogorarazi dute, eta hori izan dela "Sorturen erasoak salatu eta egoitzaren auzia plazaratu izanaren helburu bakarra": "Ikasle Mugimenduak Bilbon egoitza izaten jarraitzea". Hortaz, gaur-gaurkoz, "hautsak harrotzeko" inolako beharrik ez dutela ikusten aitortu dute.
Akusazio faltsuak
IAk berarekin harremanetan jarri gabe antolakundearen izenean hitz egitea gaitzetsi du, eta pintaketek sortutako giroa "akusazio eta manipulazio faltsuak" zabaltzeko probestu izana salatu du.