AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Ecuador Etxea
2023/02/14 11:39

Bederatzi emakume ijitok Bilboko (Bizkaia) bi saltoki ezagunetan jasandako tratu umiliagarria salatu dute Euskadiko Emakume Ijitoen Elkarteak (AMUGE, gaztelerazko sigletan) eta Romi Berriak gazte ijitoen kolektiboak. On Diego Lopez Haroko Kale Nagusian dauden bi dendatan izan dira erasoak, eta, atzo, kale horretan bertan egin zuten manifestazio bat, Ez gaitzazue umiliatu leloaren pean. Hala, "dendetako genero-antigitanismoa" seinalatzeko atera ziren kalera hainbat eta hainbat emakume ijito.

17 eta 21 urte arteko neska ijito talde batek pairatu zuen erasoetako bat. Lurrin-denda batean, langile batek oso gertutik jarraitu ziela salatu dute, barrez eta jazarpen-jarrera argi batekin. Gero, beste zazpi langilek inguratu zituzten neskak.

Bigarren erasoa 30 urte inguruko bi emakume ijitok jasan zuten Kale Nagusiko arropa denda batean. Polizia-indarrek atxikirik izan zituzten, eta goitik behera miatu zituzten aldageletako batean. Biluzarazi egin zituzten. Ustez, lapurreta posible baten abisua jaso zutelako jo zuten bi emakumeen kontra polizia-indarrek, baina esku-hartzearen zergatien inguruan galdetzean, poliziek ez zieten azalpen argirik eman emakumeei.

Jazarriak izan diren bederatzi emakumeek jakinarazi dute "larrituta, jazarrita, esposizio publikoagatik lotsatuta eta estigmatizatuta" sentitu zirela bi kasuetan. "Ez dira gertakari isolatuak, baizik eta enpresa-kultura bat, non normalizatu egiten den dendetako eta segurtasuneko langileek gu susmagarritzat hartzea, ijitoak izateagatik bakarrik", salatu dute AMUGEk eta Romi Berriek.

EZ DAGO IRUZKINIK