AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/05/30 09:24

Palestinaren askatasunaren alde eta Israelgo Estatu sionistaren kontra mobilizatzen segitzen du Palestinarekin Elkartasuna plataformak. Biharko, ostiralerako, hiru deialdi egin ditu Euskal Herrian: elkarretaratzeak antolatu ditu Bilbon (Bizkaia), Gasteizen (Araba) eta Iruñean (Nafarroa). 19:00etan hasiko dira protestak; Bilboko Abandon, Gasteizko Andre Mari Zuriaren Plazan eta Iruñeko Gobernu Delegaritza aurrean (Carlos III), hain zuzen ere.

Plataformako kideen esanetan, Rafahko azken erasoak direla-eta, berriz emango diete babesa palestinarrei, eta berriz salatuko dituzte estatu sionista eta bere Mendebaldeko konplizeak. Bereziki seinalatuko dituzte Espainiako Gobernua eta sionistekin mantentzen dituen harremanak, arma-esportazioaren bidez, esaterako.

Nazioarteko mugimenduak

Palestinarekin Elkartasunak gogor kritikatu du, Espainiako Gobernuak bultzatuta, hainbat estatuk Palestinari egin berri dioten "aitortza". Nazioarteko Zigor Auzitegiak eskatu dituen azken neurriak ere gaitzetsi ditu: Israelgo Estatu terroristako zenbait agintari eta palestinar erresistentziako hainbat militante atxilo ditzatela eskatu du.

"Bi mugimendu horiek, Palestinako genozidioa gelditzeko eta Israelen okupazio, kolonialismo eta apartheida amaitzeko baliogabeak izateaz gain, Israelen existentzia legitimatzen eta indartzen dutela adierazten dugu, palestinar erresistentzia kriminalizatzearekin batera", azaldu du plataformak. Atzo komunikatu bat argitaratu zuen, nazioarteko azken mugimendu horien harira eta Palestinako azken gertakarien harira.

"Irtenbide faltsuen aurrean, Palestina aske baten alde eta entitate sionistaren aurka borrokatzen jarraitu behar dugu", aldarrikatu du. Hilabete honetan bertan egin du mobilizazio handi bat Iruñean, Nakbaren urteurrenari lotuta.

EZ DAGO IRUZKINIK