AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/01/03 11:00

Borrokan jarraitzen dute Txorierriko etxez etxeko arreta zerbitzuko (SAD, gaztelerazko sigletan) langileek, eta mobilizazio deialdi bat egin dute Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistarekin batera. Bihar, urtarrilaren 4an, manifestazio bat egingo dute Derion (Bizkaia): 18:30ean hasiko da mobilizazioa, Txorierriko Mankomunitateak Derion daukan egoitzatik. Etxeko arretako beharginen lan-baldintzen defentsan eta zerbitzuaren kalitatearen defentsan mobilizatuko dira, eta, zehazki, mankomunitatea seinalatuko dute lan-baldintza negargarrien nahiz zerbitzuaren kaskartzearen erantzule gisa.

Abenduaren amaieran deitu zuten mobilizatzera etxeko arretako langileek eta Itaiak, agerraldi baten bidez. Gogorarazi zutenez, beharginek urtebete daramate borrokan, zerbitzuaren kalitate eta lan-baldintza txarrak salatzen. Txorierriko Mankomunitateak azpikontratatuta dauka etxeko arreta zerbitzua, eta, gaur-gaurkoz, Urgatzi SL enpresa pribatuak dauka hura kudeatzeko ardura. Etxeko arretako baldintzak eta horren kalitatea hobetzeko asmoz langileek egindako aldarrikapenen aurrean, baina, "beste aldera begiratu" du mankomunitateak, "zerbitzuaren kudeaketa bere eskumena ez dela esanez". Hala, biharko manifestazioan, dagokion ardura bere gain har dezan exijituko diote Txorierriko Mankomunitateari.

Agerraldian seinalatu zutenez, mankomunitatea da "denon diruarekin Urgatzi SL enpresa pribatua bere langileen lan-baldintza prekarioen kontura aberasten jarraitzea bermatzen duena". "Erabiltzaileek eta haien familiek jasotzen duten zerbitzuaren kalitatea hobetzea ere haien [mankomunitatearen] esku dago", gaineratu zuten.

Hitzarmen berriarekin, zaharrak berri

Txorierriko etxez etxeko arreta zerbitzuan bederatzi urtez egon ziren hitzarmen kolektiborik gabe. Urte luze horien ostean, 2023ko apirilean sinatu zuten hitzarmen bat patronalak eta CCOO eta UGT sindikatuek, baina horrek ez zuen inola ere sektoreko egoera hobetu: "emakume langileak erabateko prekaritatera bultzatu" zituen itun berriak ere.

Iaz sinatutakoa "enpresa pribatuen mesederako hitzarmen bat" dela salatu dute langileek eta Itaiak: "Haien diru-sarrerak Kontsumoko Produktuen Indizearen (KPI) oso gainetik igo badira, mankomunitateek eta udalek kontratatutako orduko prezioaren igoerari esker izan da". Jakinarazi dute, gainera, gaur egun ez direla betetzen Urgatzik eta mankomunitateak lizitazio bidezko zerbitzurako ezarritako hainbat oinarri; esaterako, atseden-orduei lotutako baldintzak.

Bilera iazko azaroan

Atseden-orduei lotutako arau-hausteen eta bestelako urraketa batzuen berri eman zioten langileek mankomunitateari iazko azaroaren 3an, zuzendaritzarekin egindako bilera batean. Horrekin batera, zerbitzua eta lan-baldintzak hobetzeko hainbat exijentzia egin zizkioten zuzendaritzari. Dena den, mankomunitateko teknikariek eta Urgatzik ez zituzten eraman "jakinarazitakoa egiaztatzeko aurkeztu behar zituzten txostenak", eta mankomunitateak "komunikazio-bideak eten" zituen langileekin, argudiatuta ez zela bere eskumenekoa "gatazka konpontzea".

Zaintza ere, interes kapitalistek baldintzatuta

"Zaintza-arloan izaten ari den atzerakada oso argia da, interes ekonomiko kapitalistek jartzen baitituzte zaintza-lanen oinarriak", azaldu zuten arretako langileek eta Itaiak abenduko agerraldian: "Batetik, instituzioei ahalik eta kostu txikiena eragin diezaioten azpikontratatzen dituzte zaintza-zerbitzuak eta, bestetik, enpresek gero eta diru-irabazi handiagoak eskura ditzaten, zaintza-arloko langileei lan-baldintza kaskarrak ezartzen dizkiete". Horren adibide modura aipatu zituzten "soldata baxuak, lanordu murritzak, kontratu ezegonkorrak" eta abar. "Modu horretan, zaintza-zerbitzuen kalitatea kaskartzen da eta ezinezkoa bihurtzen da kalitatezko zaintza-zerbitzua bermatzea", erantsi zuten.

Etxeko arretako beharginek eta Itaiako kideek adierazi dute "emakume langileon bizi- eta lan-baldintzen kaskartzearen konplize zuzenak" direla erakunde publikoak, "aurpegi aurrerakoia eta berdintasunaren aldekoa erakutsi nahi duten arren". Zehazki, Txorierriko Mankomunitatea jarri dute jopuntuan kasu honetan, iritzita "beste aldera begiratzea egoeraren arduradun izatea" dela.

Exijentziak mankomunitateari

Langileek eta Itaiak mankomunitateari exijitu diote Urgatzi enpresari presioa egin diezaiola, hainbat eskaera bete ditzan: erabiltzaileen egoeraren arabera "kasuak taldekatzea" eta bakoitzaren egoerari buruzko txostenak eguneratzea, laneko arropa "landa-ingurunera egokitu" ahal izatea, "ordu erdiko zerbitzuak kentzea eta gutxienez ordubeteko lana bihurtzea", herri guztietako langileek autoa aparkatzeko txartelak izatea, edota atsedenaldiak bermatzea erabiltzaileen senideei nahiz zaintzaileei.

EZ DAGO IRUZKINIK