Bihar, irailak 11, hasiko da 11/13 sumarioko auzipetuen aurkako makroepaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Hala, guztira 47 militante politiko epaituko dituzte Madrilen, ETA erakundearen "espetxe frontea" osatzea eta "erakunde terrorista baten parte izatea" leporatuta. Tartean dira Herrira koordinakundeko kideak, Etxerat preso eta iheslarien senide eta lagunen elkarteko kideak, EPPK-ren bitartekariak, abokatuak eta Jaiki Hadi-ko osasun arloko profesionalak.
Guztira 601 urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak, nagusiki, ETA erakundean parte hartzea egotzita. Beste delitu batzuk ere leporatu dizkiete auzipetu batzuei; hala nola, terrorismoa jarraian goratzea, terrorismoa finantzatzea edota baldintzapeko neurriak haustea.
Atzo, irailak 13, Bilbon (Bizkaia) mobilizazioa egin zuten milaka pertsonak, epaituak izango diren 47 kideei elkartasuna adierazteko eta babesa emateko.
Sarekadak
2013. urtean izan zen Herrira-ko kideen aurkako sarekada handiena; urte hartan atxilotutako 18 kide epaituko dituzte bihartik aurrera. Koordinakundeko beste hiru kide ere auzipetu dituzte 11/13 sumarioan, baina 2015. urteko urtarrilean atxilotu zituzten (haietako baten kasuan, birritan atzeman zuten). Abokatuen aurkako sarekada izan zen hura.
Handik bi hilabetera, martxoan, Etxerat eta Jaiki Hadi-ko kideak atxilotu zituzten. EPPK-ren bitartekarien aurkako sarekada, aldiz, 2014. urteko urtarrilean izan zen.