AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2026/01/30 12:16

"Denok Bilbora, denok Iruñera". Izenburu hori darama Jon Kepa Preciado preso politikoak Zaballako (Araba) kartzelatik helarazi duen gutunak, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) bihar egingo dituen mobilizazioetara batzera deitzen duena. "Guretzat, euskaldunontzat, gure herriak eta auzoak dira gaur egun gure borroka eremuak. Horregatik urtarrilaren 31n Bilboko eta Iruñeko kaleak koherentziaz, duintasunez eta indarrez beteko dira, bertako eta mundu osoko faxistei esateko parean gaituztela eta ez diegula utziko pasatzen", dio.

"Faxismoaren eta estatu autoritarioen xedea da langile-klaseari eta zapaltzen dituzten herri eta kolektibo guztiei haien arauak eta ideologia inposatzea mehatxu, gatazka eta gerren bidez, gutxi batzuen pribilejioak handitzeko eta mantentzeko", jarri du testuinguruan. Horiek horrela, kezkaz azaldu du "Euskal Herrian ere faxismoaren aztarnak gero eta presenteago" daudela, eta "Espainia eta Frantziatik datozen diskurtsoak ez dituztela osotasunean eurenganatu" bertan, Euskal Herrira egokitutako "diskurtso propio" bat garatu baizik. "Faxismoak daukan populismo osagaia erabiliz, bulo eta desinformazioaren bidez, errealitatea desitxuratzen dute sistemak babesgabe uzten dituen sektoreei erasotzeko asmoz", sakondu du Preciadok.

"Faxismoari beti egin zaio aurre kaleetan"

"Bistakoa da gaur egun Euskal Herriko kaleetan langileriaren interesen aldeko borroka iraultzaileak presentzia handia daukala, eta hori da existitzen den indar antifaxista bakarra, faxistei kontra egin diezaiekeen bakarra", nabarmendu du bestalde. Gogorarazi du "faxismoari beti egin zaiola aurre kaleetan", eta "beti izan direla iraultzaileak erronka hori burutu dutenak". Eta gaineratu du: "Soilik proletalgo kontzienteenaren eskuetatik atera daiteke zabor horri aurre egiteko indarra. Beraz, erantzukizun osoz jokatzeko premia daukagu".

"Ofentsiba hiltzaile eta supremazista honen aurka ezin da ezer egin instituzio burgesetatik, hortik datozen proposamen eta aginduek kapitalak indarrean irauteko besterik ez baitute balio", seinalatu du presoak: "Faxismoa ez zaigula gustatzen esatea ez da nahikoa, geure burua antifaxistatzat jo behar dugu eta holan jardun. Eta jarrera hauek ez ditugu aurkituko instituzio ustel horietan edo haien menpean dauden beste erakundeetan".

Faxismoa "eraso global bat" dela ohartaraziz, Jon Kepak beharrezkotzat jo du "tamaina bereko defentsa" bat, nazioartekoa izango dena: "Venezuelan, Minneapolisen, Gazan edota Euskal Herrian, faxismorik ez!".

EZ DAGO IRUZKINIK