Bi urte bete dira Novaltia farmazia-enpresako langileek grebara jo zutenetik, eta ordutik 792 egun daramatzate greban. Beharginek hitzarmen "berri eta duina" aldarrikatzen dute greba hasi zuten egunetik, eta salatu dute enpresako zuzendaritzak beti egin diola uko negoziatzeari.
Grebalariek salatu dutenaren arabera, soldata baxuenak 950 eurotik beherakoak dira, eta enpresa langileen greba eskubidearen aurka egiten ari dela ere gehitu dute. Izan ere, enpresak hasieratik kontratatu ditu grebalariak ordezkatzeko aldi baterako langileak, eta greba utzi duten eta bertan urte eta erdi baino gutxiago egin duten langileei, hilabetean, aparteko 300 euro ematen dizkiete. Lan Ikuskaritzaren jarrera ere salatu dute grebalariek eta ELA sindikatuak, greba eskubidearen urraketa horiek onartu dituelako.
Kooperatiba
Kasu hau, gainera, bereziki nabarmena da enpresaren izaeragatik; egoitza nagusia Zaragozan duen kooperatiba bat da Novaltia, farmazia produktuen banaketaz arduratzen dena. Bizkaiko eta Arabako ehun farmazia baino gehiago dira enpresaren jabeak; hori dela eta, grebalariek adierazi dute farmazia horiek guztiak langileen "egoera prekarioaren erantzule" direla. 2018 eta 2020 urteen artean, 3,2 milioi euroko irabazi garbiak izan zituen Novaltiak.