AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/05/09 09:56

"Bi urte igaro dira proletalgoaren oinarrizko beharrei era antolatu eta independentean erantzuten hasi ginenetik", adierazi du Bilboko (Bizkaia) Kontseilu Sozialistak Oinarrizko Produktuen Biltegiari dagokionez. 2021eko martxoan jarri zuen martxan proiektua Bizkaiko hiriburuko Hegoaldean, "oinarrizko produktuak lortzeko zailtasunak dituztenak eta haiei laguntzeko prest daudenak harremanetan jarriz eta, era berean, antolakuntza politikorako bitartekoak garatuz".

Biltegiaren bigarren urteurrena dela-eta, egun osoko egitarau bat antolatu dute maiatzaren 20rako, Errekalde auzoko plazan. 12:00etan emango diote hasiera egitarauari, biltegiak dituen helburuei eta orain arteko ibilbidean ikasitakoei buruzko solasaldi batekin. Aurrera begirako erronken inguruan ere hitz egingo dute.

Aisialdiko ekintzak hasiko dira horren ostean: ping pong saioa, bazkaria, hilorama tailerra, bingo musikatua... Iluntzera arte luzatuko dute egitaraua.

Gaur egun, San Inazion

Langile Kontrolpeko Espazioen husteak bete-betean eragin dio Bilboko Oinarrizko Produktuen Biltegiari: Leninen Txokoan kokatu zuten lehenengo eta Urkila Zentro Sozialistan gero, baina bi guneak hustu zituzten; 2021eko urrian eta iazko uztailean, hurrenez hurren. Une honetan, beraz, San Inazio auzoko Errondoko Auzo Etxean dago biltegia.

Larunbatero jasotzen dituzte proiektua hornitzeko oinarrizko produktu eta elikagaiak; Iralan, Errekalden, San Inazion eta Ibarrekolandan, hain zuzen ere.

EZ DAGO IRUZKINIK