AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/05/30 23:28

Jendetza bildu zen atzo arratsaldean Lizarrako (Nafarroa) Koroatzearen Plazan, Oier izeneko gazte baten senideekin eta lagunekin batera, aurreko asteburuko gertakariak argitzeko eta testuinguruan jartzeko. Izan ere, Marta Ruiz de Alda alkateak (UPN) aurreko larunbatean egin zion eraso Oierri, zaplasteko bat emanez kalean. "Nahiz eta gure Lizarra maitean guztiek dakiten zer gertatu zen benetan, uste dugu garrantzitsua dela berriro sekuentziaz sekuentzia kontatzea", azaldu zuen gaztearen aitak. 

Oierrek eta bere lagun batek, Ikerrek, kalean egin zuten topo asteburuan Ruiz de Aldarekin, "Puyko Ama Birjinaren bezperako jai giroan". Bajadikako 27en aurkako auzian ikertuak izaten ari diren pertsonetatik bi dira Oier eta Iker, eta atzoko prentsaurrekoan gogorarazi zenez, iazko festetako Puyko Bajadikan udalaren jarrera autoritarioa salatzeagatik daude ikerketapean. "Bajadika leherrarazteko" asmoz, "kanpoko jendearekin autobus flota bat antolatu izana" leporatzen die 27 auzipetuei alkateak, eta horren harira, gezurretan aritzea aurpegiratu zioten bi gazteek larunbatean. Oierrek, hain zuzen ere, "fruta gezurtia" ("fruta mentirosa") esan zion.

Ruiz de Aldak, baina, modu biolentoan erantzun zuen: fisikoki eraso zion gazteari, belarrondoko bat eman baitzion jendaurrean. Iker alkatea lasaitzen saiatu zen arren, "bere adina bikoizten zuten bi gizonezkok" Oierren aurka egin zuten une horretan. Gazteak, "bere burua defendatzeko erreflexu-ekintza batean", aurpegian jo zion gizonetako bati.

Asteartean, UPNren eta Diario de Navarra-ren intoxikazioa

Handik zenbait egunera, asteartean hain justu, asteburuko gertakariei buruzko "albiste partzial" bat argitaratu zuen Diario de Navarra egunkariak, Oier, "bere izena esan gabe, erasotzaile gisa aurkeztuz". Horregatik ikusi zuten bere gertukoek azalpenak emateko beharra, eta idatzizko ohar bat zabaldu zuten. "Hori egin izan ez bagenu, Lizarrako UPNko bozeramailearen kontakizun manipulatua, bere bozgorailu mediatikoaren bidez (Diario de Navarra) argitaratua, benetako irizpidea izango zatekeen", salatu dute.

Gainera, larritzat jo dute Lizarrako UPNk, hasieran, sare sozialetan adierazi izana Ruiz de Alda izan zela zaplastekoa jaso zuena eta jostura-puntuak jarri behar izan zizkiotela. Gerora agerian geratu zenez, errelato hori "defendaezina" zela ikusita, sare sozialetatik ezabatu behar izan zuten informazio faltsu hori.

Asteazkenean, Guardia Zibilaren esku-hartzea

Oierren hurbilekoen esanetan, aipatutako artikuluaren bidez jakin zuten bere aurkako salaketak zeudela mahai gainean. Asteazken eguerdian, Guardia Zibila bertaratu zen Ikerren etxera, "bere familia osoaren aurrean, kuartelean lekuko gisa deklaratzera behartzeko". Arratsalde horretan deitu zioten Oierri telefonoz, esateko hurrengo egunean atxilotu gisa deklaratu beharko zuela. "Abokatu batekin joan zen eta Marta Ruiz de Alda alkatearen aurkako salaketa bat aurkeztu zuen, bere partetik jasandako eraso fisikoagatik".

Testuinguru errepresiboa: "Urrunegi joan da"

"Guraso garen aldetik, badakigu gure seme-alabek lan eta borroka egiten dutela egungo udalak ordezkatzen duen hiria ez den beste bat eraikitzeko", aldarrikatu zuten atzoko prentsaurrekoan: "Horregatik ordainarazten dieten prezioa oso altua da. Urrutiegi joan da. Orain Oier da, eta bihar gure seme-alabetako beste edozein izan daiteke".

Gogorarazi zuten aurreko asteburuko konfrontazioaren abiapuntua izan zela UPNren udalak Lizarrako txosnei iaz jarritako debekua. Horren ondoren sortu zuen protesta-abesti bat Raimundo el Canastero musika-taldeak, eta epaitua izango da laster horregatik; eta horren ondoren etorri zen Puyko Bajadika bera ere, udalak txosnei ezarritako debekuaren kontrako protesten agertoki bihurtu zena eta, oraintxe, judizialki ikerketapean dagoena. Alkateak berak utzi zuen bertan behera Bajadika. "Hau guztia ez da gazteen aurkako jazarpena bakarrik, familien eta herri osoaren aurkakoa ere bada", zioten atzoko agerraldi masiboan.

"Orain alkate andrea bajan dago, oso atsekabetuta dagoelako hilaren 24ko gertakariengatik. Zer nolako atsekabea izan dute orduan Raimundo el Canasteroko kideek eta beren familiek hilabete hauetan zehar? Eta 27ek eta haien familiek? Eta nire seme Oierrek?", galdegin zuen Oierren aitak.

"Hor izango gara"

"Ez gaituzte mendean hartuko, kontzientzia oso lasai daukagu. Baina oso kezkatuta gaude honek guztiak Oierri eta judizializatu nahi dituzten gainerako gazteei ekar diezazkiekeen ondorioekin", gaineratu zuten atzokoan. "Gure seme-alabak mundu justuago baten idealen alde borrokan ari diren gazteak dira", erreibindikatu zuten bestalde: "Horregatik, beti aterako gara haiek defendatzera, gezurren edo errepresioaren bidez (judiziala, poliziala, ekonomikoa, politikoa edo edozein motatakoa izan), haiek modu bidegabean suntsitzen saiatzen direnean. Hor egongo gara familiak eta lagunak. Gure seme-alabak ez dira delitugileak".

EZ DAGO IRUZKINIK