AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / navarra.es
2025/02/21 08:40

Ikasleei eraso egin dien beste irakasle baten berri eman du Iruñerriko Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundeak. Kasu honetan, Burlatako (Iruñerria, Nafarroa) Askatasuna institutuan ematen ditu eskolak erasotzaileak, eta IAk salatu du ikasleak sexualizatzen dituela. Gainera, ez da ikasleen partetik bere aurka egiten duten lehenengo salaketa: aurrez bota zuten gizona beste ikastetxe batetik, arrazoi bertsuengatik. Horrek ez du ekidin, baina, irakasle horrek beste nonbaiten klaseak ematen segitzea. Askatasunako zuzendaritzaren eta Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren "borondate eza" seinalatu du ikasle-antolakundeak, "irakasle horren iragana zein den jakinda ere, klaseak ematen uzten baitiote".

Azken asteetan Euskal Herrian eta Iruñerrian bertan azaleratu diren kasu ugariez ohartarazi dute IAko kideek: hainbat irakaslek egindako erasoak atera dira argitara Txantreako Eunate ikastetxean edo Gasteizko (Araba) campuseko Letren fakultatean, esaterako. "Ezin dugu utzi erasotzaileen inpunitatea normalizatu dadin, eta jarrera zein eraso matxista orori aurre egin behar diogu", azaldu du IAk. Horri lotuta, Askatasunako irakasleak berehala klaseak emateari utz diezaiola exijitu du, eta mobilizazioei ekingo die: gaur goizean, 11:15ean, protesta bat egingo dute ikasleek institutuan. "Eunaten ikusi genuen bezala, soilik ikasleok batuz eta borrokatuz lortuko dugu irakaslea kanporatzea", gaineratu dute.

EZ DAGO IRUZKINIK