AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/11/20 09:23

Lublingo Apelazio Auzitegiak beste hiru hilabetez luzatu du Pablo Gonzalezen behin-behineko espetxealdia. Kazetariak, beraz, preso jarraituko du, 2024ko otsailera arte gutxienez; zazpi aldiz luzatu diote behin-behineko kartzelaldia, hainbestetan egin baitu horretarako eskaera fiskaltzak. Orduan beteko dira bi urte Polonian espetxeratu zutenetik, Errusiaren alde espioi modura aritzea leporatuta.

Ia bi urte igaro badira ere, erabatekoa da ziurgabetasuna: oraindik ez dute finkatu Gonzalezen kontrako epaiketa data, eta bere aurkako akusazio ofiziala eta ustezko froga zehatzak ere ez dituzte mahaira atera. Egotzitako delituak "oso larriak" direla esan zuen maiatzean Poloniako Atzerri ministroak, Valentzian Espainiako Estatuko Atzerri ministroarekin bildu ostean, baina hori zehaztu eta xehatu gabe jarraitzen dute.

Gatibu iazko otsailetik

2022ko otsailaren bukaeran atxilotu zuten Gonzalez Poloniako inteligentzia-zerbitzuek, Ukrainako mugatik gertu. Ukrainako gerrak leher egin eta gero, horren ondorioen eta, zehazki, errefuxiatu-olatuaren berri ematen ari zen kazetaria. Ordutik, ia erabateko inkomunikazio egoeran eta bakartuta daukate nabarniztarra.

Bere gertukoek eta #FreeGonzalez plataformak hainbatetan eman dute Gonzalezi egindako eskubide urraketen berri. Joan den maiatzera arte izan zuten bakartze-erregimen gogor batean, alegia, urtebete baino gehiagoz.

Bere kontrako akusazio ofiziala ez dute aurkeztu oraindik, baina badirudi Errusiako Federazioko Indar Armatuen Goi-Estatu Nagusiaren Direktorio Nagusiarentzat (GRU) espioi modura lan egitea leporatzen diotela. Poloniako zigor kodearen barruan, 130.1 artikuluak egiten dio erreferentzia espioitzari: hamar urterainokoa izan daiteke zigorra.

EZ DAGO IRUZKINIK