AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/09/25 18:41

Gaizka Astorkizaga Fito epaituko dute aurki, 2020an Eako (Bizkaia) kutxazain baten kontrako sabotaje-ekintza batean parte hartu izana egotzita. Fiskaltzak hemezortzi urteko kartzela-zigor eskaera bat egin du bere kontra oraingoan. "Epaiketa berri hori inongo oinarri sendorik barik egingo dute, Guardia Zibilaren presioengatik eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak ahalbidetuta", dio Fitoren egoeraren berri emateko zabaldu duten oharrak.

Terrorismoaren kontrako operazio baten barruan, 2020ko azaroan atxilotu zuten Astorkizaga, Valentina Morisolirekin batera. "Erakunde terrorista bateko kide izatea, kalte terroristak eragitea eta terrorismoa goratzea" leporatzen zieten, IƱaki Bilbao Txikito eta Patxi Ruiz preso politikoak gose greban zeudenean izan ziren hainbat sabotaje-ekintzari lotuta. 2021eko uztailera arte izan zituzten preso Fito eta Morisoli, eta behin-behinean aske daude gaur-gaurkoz.

Joan den ekainean epaitu zituzten biak Madrilen, desordenak eragitea egotzita. Oraindik sententziaren zain badaude ere, orain bigarren aldiz epaituko dute Astorkizaga. "Akusazioen argudioak pisuzkoak ez zirenez, erakunde terroristako kide izatearen kargua ekuaziotik kendu zuten, eta kasua bi piezatan banatu zuten", zehaztu dute berriki argitaratutako oharrean. Ekainekoa izan zen kasuaren zati bati lotutako epaiketa, eta orain egingo diotena da bigarren zatiari buruzkoa.

Espetxeratze-arriskua, beraz, errealitate bat da une honetan. Egoera argitzeko zabaldutako oharrean, "Espainiako estatu faxista zein bere tresna errepresiboak, Auzitegi Nazionala, zipaioak eta politiko burges guztien kondenak zein isiltasun interesatuak" gaitzetsi dituzte, "Patxi Ruizen edo Txikitoren borroka eredugarriak eta Euskal Herri Langilearen matxinadarako zein erresistentziarako grina" aldarrikatzeaz gain.

EZ DAGO IRUZKINIK