Espainiako Auzitegi Nazionalak berriz absolbitu du Marixol Iparragirre, bere kontra zabalik dituen auzi ugarietako batean. Hain zuzen ere, 1997an Oviedon izandako ekintza baten kausan errugabetu du preso politiko eskoriatzarra, froga faltagatik. Auzitegiak aitortu du, gainera, Frantziako Estatuan gertakari berdinengatik epaitu zutela jada.
2025eko abendukoa da ebazpena, eta aurrez ere errugabetu zuten Iparragirre gertaera horiengatik, baina Gorenak 2023an eskatu zuen auzia berriz azter zedila eta sententzia landu zedila. Presoari beste kondena bat ezartzen tematu badira ere, berriz absolbitu behar izan dute.
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak iazko irailean eman zuen abisua: irailean azaldu zuen Espainiako Estatuak ezin zuela Iparragirre bigarren aldiz epaitu gertakari berdinengatik, kontuan hartuta, aurrez, Frantzian kondenatu zutela ekintza berarengatik.
Euroagindu bat tarteko, 2019an Espainiaratu zuten Marixol Frantziako agintaritzek, hamabi epaiketa egiteko; leporatutako gertaera batzuengatik, ordea, epaitu zuten jada Frantziako Estatuan. Estraditatu aurretik, ia hogei urtez izan zuten preso bertan.