AKTUALITATEA / Jazarpen politikoa
Bergarako Udalak Mugimendu Sozialistaren txosnari jarritako debekua salatu zuten atzo
Trabak traba, Mugimendu Sozialistak atzo jarri zuen txosna Muniben, eta gaur hasiko dira herriko jaiak.
2026eko maiatzaren 22 - 09:29
Bergarako Udalak Mugimendu Sozialistaren txosnari jarritako debekua salatu zuten atzo

Udalak (EH Bildu) jarritako debekuari aurre eginez, Bergarako (Gipuzkoa) Mugimendu Sozialistak atzo ipini zuen txosna Munibe Plazan: 16:30ean ekin zien muntatze-lanei. Jarraian, 19:00etan, udalaren debekua salatzeko protesta bat egin zuten Muniben bertan, Bergarako txosnak denontzat! aldarritzat hartuta.

Gaur hasiko dira herriko jaiak, eta Oxirondon jaigune berri bat izango bada ere, Mugimendu Sozialista hortik kanpo utzi du udalak. Horrekin aski ez, eta txosna beste tokiren baten ipintzeko baimena ukatu dio. "Udalaren/EH Bilduren jarrera salatu nahi dugu, onartezina iruditzen zaigulako, instituzio publiko gisa eta interes publikoaren izenean, baliabide publikoak interes partidisten arabera erabiltzea", salatu zuen atzoko mobilizazioan Mugimendu Sozialistak. Seinalatu zuen aurten, "inoiz baino gehiago", nabarmena izango dela "herriko eragile desberdinek baldintza berdinetan parte hartu ahal izango duten txosnagune baten beharra".

Mugimendu Sozialistak egitarau indartsu bat pestatu du aurtengo festetarako, gaur hasi eta asteartera arte luzatuko diren ekimenekin.