Bilboko (Bizkaia) Laneko Autodefentsa Sareak mobilizazio deialdi bat egin du, BBK Live makrojaialdiari ezetz esateko. Uztailaren 11n izango da protesta, EITBk San Mamesen duen egoitza aurrean, arratsaldeko 19:00etan. Bilboko Udalaren babesarekin, Last Tour enpresak antolatzen du BBK Live; beraz, udala eta Last Tour bera seinalatuko dituzte kontzentrazioan, urteroko jaialdi horretan langileek jasaten dituzten lan-baldintza negargarrien erantzule gisa.
LASek ohartarazi duenez, beharginei ezarritako miseriazko lan-baldintzei esker lortzen ditu irabaziak Last Tourrek: "Enpresariek, instituzioen konplizitatearekin, etekinak handitzen dituzte gure soldaten eta lan-baldintzen okertzearen kontura".
Azaldu du, gainera, "langileoi pobreziaren bizi-eredua inposatzen digutela eta hiria kapital-metaketaren beharren arabera antolatzen dutela". LASen esanetan, "BBK Live jaialdia hiri-eredu horren beste adierazpen bat da eta enpresarien, alderdien eta instituzioen interesei erantzuten die". Kontrara, "langileoi ez digu inolako onurarik ekartzen".
Gasteizen, Azkena Rock jopuntuan
Aurreko astean izan zen Azkena Rock makrojaialdia Gasteizen (Araba). Hori ere Last Tour enpresak antolatzen du, eta Gasteizko LASek salatu zuenez, bertan ere lan-baldintza miserableetan aritzen dira beharginak. Hamazazpi ordura arteko lanaldiak, orduko 5 eurora ere iristen ez diren
soldatak, atzerapenak ordainketetan, lo egiteko eta jateko baldintza
negargarriak, lan-arriskuak eta istripuak, kontraturik gabeko jardunak
eta abar jasan behar izaten dituzte langileek, hainbatek LASeko kideei jakinarazi dietenez.