Beste behin ere, borrokara joko du Patxi Ruiz Romero preso politikoak: bihar, otsailaren 7an, 24 orduko baraua egingo du, Iruñeko (Nafarroa) kartzelako osasun-arreta penagarria salatzeko. Hala jakinarazi dio berriki espetxeko zuzendaritzari, seinalatu baitu "negargarria" dela presondegiko "osasun-zerbitzuen kudeaketa" eta "zabarkeria mediko ugari" izaten direla, horrek "preso dauden pertsonei eragiten dien sufrimenduarekin". Ruizek horren guztiaren ondorio gogor modura aipatu du, duela zenbait aste, 4. moduluan gatibu zegoen pertsona batek bizia galdu izana.
Baraualdiaren bidez, Iruñeko kartzelako presoak artatzen dituen medikuak ematen dien "tratu iraingarria" ere gaitzetsiko du Ruizek. Izan ere, Osasunbideko sendagile batek ematen die osasun-arreta, baina, 4. moduluan behintzat, modu iraingarrian tratatzen dituela eta "profesionaltasun falta" erabatekoa dela azaldu du preso politikoak. Horregatik guztiagatik, 24 orduz izango da gose-greban bihar, eta "mediku-sistema humanitario eta errespetuzko" bat aldarrikatuko du, "preso dauden pertsonen duintasuna" bermatzeko.