AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/01/09 19:35

Bilboko (Bizkaia) Laneko Autodefentsa Sareak (LAS) abenduaren 11n egin zuen agerraldi bat, The Champions Burger jaialdi ibiltaria Barakaldon (Bizkaia) hastekoa zenean: ohartarazi zuen makroekitaldi horretan sistematikoki urratzen dituztela beharginen lan-baldintzak, eta dei egin zien langileei jasandako erasoak salatzera zein horren aurrean antolatzera. "Denborak ohartarazi genuena berretsi besterik ez du egin", esan dute gaur LASeko kideek, beste prentsaurreko batean. Izan ere, jakinarazi dute Barakaldoko edizioan lanean jardun duten hainbat pertsona jarri direla haiekin harremanetan, euren egoeraren berri emateko.

The Champions Burgerren antolatzaileek informazioa ezkutatu die beharginei, bai euren lan-kontratuari buruz, bai aplikatu beharko luketen hitzarmenari buruz. Ez zieten azalpenik eman langileek eskatu arte. Haiek berandu jakin zuten, hala, abenduaren 12an jaialdia hasi arte ez zietela alta eman Gizarte-Segurantzan, nahiz eta aurreko egunetan ere aritu ziren lanean, materialak zamatzen eta husten adibidez. Halako funtzioak, berez, ez datoz bat langile horiei kontratuan zehaztutako kategoriarekin.

Hori gutxi balitz, beharginek aparteko orduak egin beharko zituztela aurreikusita, ordu estrak ordaindu behar ez izateko, "enpresak ordutegi-erregistroak eta koadro faltsuak sinatzera behartu ditu". Koadro horietan "benetan egindakoak baino askoz ere ordu gutxiago agertzen dira", LASen esanetan. Eta, bestalde, askotan enpresak ez ditu errespetatu langileei legez dagozkien atsedenaldiak, zortzi ordutik gorako lanaldiak eduki arren.

LASek seinalatu du "makroekitaldietako araua" erabat betetzen dela The Champions Burgerren: "Langileentzako oinarrizko lan-eskubideak ukatzea eta enpresaburuentzako etengabeko irabaziak. Hori guztia erakunde publikoen eta politikari profesionalen elkarbizitzarekin eta alfonbra gorriarekin [...]. Argi deigarrien, ikusgarrien eta abarren atzean prekaritatea, nahasmendua eta errepresioa besterik ez daude langile-klasearentzat".

Enpresaren jazarpena ekitaldian zehar

Iruñerriko LASek salatu zuen bertako edizioan hainbat langile kaleratu zituztela antolatzeagatik, eta Barakaldon ez da bestela izan. Baina, kasu honetan, jaialdia "espero bezala ez joatea" erabili du aitzakia modura enpresak: ekitaldia hasita zegoenean, hainbat behargin bidali zituzten kalera. "Horrek erakusten du enpresarien eskuetan dagoen merkantzia hutsa garela. Nahi dituzten irabaziak lortzen ez dituztenean, zigorgabetasun osoz kaleratzen gaituzte", dio Bilboko LASek.

The Champions Burgerreko antolatzaileen jazarpenaren berri ere eman du: LASeko kideek Barakaldon jarritako informazio-guneetako batera hurbildu ziren enpresako arduradun batzuk jarrera oldarkorrarekin. "Gezurretan" ari zirela esan zieten, eta euren lanarekin eta borrokarekin "jaialdiari kalteak eragiten" ari zirela aurpegiratu zieten.

Horren aurrean, baina, LASek berriz eta irmoki salatu ditu makrojaialdian aritzen diren beharginek jasaten dituzten irregulartasunak: "Ez dugu onartuko arduradun edo nagusien aldetik langileenganako inolako errepresaliarik, ezta gure lanarekiko larderiarik ere. [...] Oinarrizko eskubide laboralak eta politikoak betetzea eskatzen dugu, eta horiek atzeraeraginkortasunarekin aplikatzea".

Ekidin daitezkeen "istripuak" eta kudeaketa kriminala

Abenduaren 17an, haizea zela-eta, jausi egin zen Barakaldoko dekoratuaren zati bat, eta hiru pertsona zauritu ziren. Langileek gerora azaldu dutenez, abisu meteorologikoa ezarrita egon arren, The Champions Burgerren antolatzaileek beste aldera begiratu zuten, arriskuan jarriz bai langileak bai bezeroak. "Hiru pertsona zauritu ondoren jaialdia itxi zuten. Hala ere enpresak ez zuen inolako segurtasun-neurririk hartu bere langileei dagokienez, eta azoka-esparrua garbitzeko agindu zien, haize-bolada gogorren artean eta aldez aurretik eroritako egituren azpian; hori guztia segurtasun-neurririk aurreikusi gabe eta Norbere Babeserako Ekiporik gabe", gogorarazi du LASek.

Istripu hori gertatu eta hurrengo egunean, gainera, enpresak beharginak behartu zituen agiri bat sinatzera, gezurra esan zezaten eta lan-arriskuen prebentzioari buruzko ikastaro bat egin zutela adieraz zezaten. Kaleratuak izateko mehatxupean sinatu behar izan zuten dokumentua, nahiz eta ez duten ikastaro hori sekula egin. "Ekitaldiaren lehen egunetan baldintza klimatiko txarrak izan ziren, hala nola euri-jasa handiak eta hotz handia. [...] Enpresak ez zuen egoera hori kontuan hartu, eta langileei beren eginkizunak aire zabalean egiteko agindu zien, prebentzio-neurririk eta lan-arropa egokirik gabe", xehatu du LASek. Hori guztia ikusita, berriz deitu du The Champions Burger bezalako makroekitaldietako lan-baldintzei aurre egitera.

EZ DAGO IRUZKINIK