AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/08/18 10:30

Aurreko astean hasi zen Aste Nagusia Bilbon (Bizkaia), baina, aurten ere, Luberri Konpartsak ezingo du festetan normaltasunez parte hartu: jaigunearen parte izatea ukatu dio berriz Bilboko Konpartsen sektore batek, barruan egoteko baldintza guztiak betetzen dituen arren. Hala ere, Luberriko kideek honakoa jakinarazi zuten aurreko astean: "Aurtengo jaietan inoiz baino ozenago aldarrikatuko dugu Luberrik beste konpartsekin batera parte hartzeko eskubidea duela". Horiek horrela, egitarau zabala antolatu dute Aste Nagusirako, beste hainbat konpartsaren eskutik.

Atzorako jarri zuten lehen hitzordua: Bada Garaia Eguna. Arratsaldeko 19:00etan hasita, kalejira bat egin zuten Alde Zaharreko kaleetan, eta Txomin Barullo tabernan gelditu ostean, Arriaga Plazarantz abiatu zen jendea. Bertan, gune propio bat muntatu zuten, Luberrik ere bere espazio propioa izan behar duela erreibindikatzeko. 20:00etan hasi ziren kontzertuak, eta jende ugari bertaratu zen: Silitia eta J Martina taldeak aritu ziren Arriagan, Jaiak denontzat! Luberrik eskubidea du zioen taula bat atzean zutela.

Ekimen ugari datozen egunetan

Atzoko egitarau bereziaren ondoren, hurrengo egunetarako ere hainbat deialdi egin ditu Luberrik: "pasapoteoa" eta bokateoa gaur; kontzertuak bihar eta ostegunean; eta Luberri Eguna ostiralean, egun osoko egitarau batekin. Hainbat konpartsarekin elkarlanean izango dira ekimen horiek guztiak, haien eskutik bermatutako lekuetan: hain zuzen ere, Kaixon eta Eguzkizaleaken gaurkoan; Mekauen, Sinkuartel eta Bizizaleak konpartsek osatzen duten Triangunean bihar; Uribarri Konpartsan ostegunean, eta Askapeña Konpartsan ostiralean.

Begiratu hemen egitaraua osorik.

EZ DAGO IRUZKINIK