AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: @arbizukoAGA
2021/01/31 19:21

Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Ismael Morenok lau pertsona auzipetu zituen, 2002an Leitzako (Nafarroa) ekintza batean parte hartzea egotzita: Ruben Gelbentzu, Itxaso Zaldua, Jon Lizarribarri eta Mikel Karrera. Aurreneko hirurek iazko abenduaren 28an deklaratu behar izan zuten, bideokonferentzia bidez, eta akusazioak ukatu zituzten. Gaur egun, espetxean preso dituzte Zaldua eta Karrera.

Arbizuko (Nafarroa) bizilaguna da Gelbentzu; hala, atzo manifestazio jendetsua egin zuten han, auzipetuari babesa adierazteko. Errepresioa stop, elkartasuna Rubenekin lelopean zeharkatu zituzten Arbizuko kaleak hainbat eta hainbat lagunek.

Honako "kasu errepresiboa" ez dela "kasu isolatu bat" salatu zuten manifestazioan bildu zirenek, "Estatuaren izaera zapaltzailea agerian uzten" duela iritzita. Batetik, Moreno "epaile faxista eta polizia ohia" seinalatu zuten: "Aurretik ere Jon eta Ruben espetxeratu zituen baina, frogarik ez zuenez, libre utzi behar izan zituen". Bestetik, Guardia Zibila ere seinalatu zuten "erantzule" gisa, azaldu baitute agenteek "Alguien se lo tiene que comer" esan zutela Gelbentzuren eta Lizarribarriren aurkako epaiketan. "COVITE eta AVT bezalako elkarteei" ere egin zieten erreferentzia atzoko mobilizazioan, "onen eta txarren kontaketa inposatu nahi" dutela salatuz.

Nabarmendu zuten, azkenik, ezin direla "erantzunik gabe utzi" gisa horretako auziak, eta "Estatuari exijitu" zioten "auzipetze hori bertan behera" uztea eta "behin betiko Euskal Herria bakean uztea".