AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Soldadu sionista batek argitaraturiko irudia.
2024/03/12 12:18

Iazko urriaren hasieran palestinar erresistentziak kontraerasora jo eta, erantzun modura, Israelgo entitate sionistak Gazan oldarraldi masiboari ekin zionetik, 31.000 palestinar baino gehiago erail dituzte. Gazatarrak sistematikoki hiltzeaz gain, baina, ohiko sarekadak areagotu dituzte sionistek; eta tratu txar basatiak ere mantendu dituzte palestinarren kontra.

Azken hilabeteetan atxiloturiko hainbat palestinarrek Middle East Eye egunkariari azaldu dizkiote jasandako torturak. Era guztietako materialak erabiltzen dituzte sionistek palestinarrak torturatzeko: burdin barrak kolpatzeko, zigarroak azala erretzeko, ur hotza bustitzeko; baina baita animaliak ere. Militar israeldarren txakurrek ere egiten diete eraso atxiloturiko palestinarrei, hozka eta atzamar eginda esaterako.

Elektrokutatu ere egiten dituzte preso gazatarrak soldaduek, eta edatea, jatea nahiz lo egitea (adibidez musika altu jarrita) ukatzen diete. Hori gutxi balitz, exekuzioak antzezten dituzte, presoei iseka egiteko eta sinestarazteko erailak izango direla.

Atxilo izan den gazatarretako batek azaldu du metalezko kaxa batean izan dutela 40tik gora egunez, begiak estalirik eta loturik. Beste palestinar batek kontatu du, bestalde, besoetatik zintzilik izan dutela denbora luzez, biluzik eta begiak estalirik. Askok esan dute aste luzez eduki dituztela atxilo, eta etengabeko tratu txarrak egin dizkietela.

Torturak jasan dituzten palestinarrek jakinarazi dutenez, adin guztietako pertsonak atxilotu dituzte militar sionistek: 14 urtetik 80 urterainoko presoak dituzte gatibu eta torturapean. Galdeketak ere egiten dizkiete askori, erresistentziako miliziano palestinarrei eta euren jardunari buruz, besteak beste.

Gutxienez 27 hildako

Urriaren hasieratik hona, gutxienez 27 palestinar erail dituzte soldadu sionistek euren instalazio militarretan, Haretz atariak aurreko astean argitu zuenez. Eta indar militar israeldarrek palestinarrei egindako tortura sistematikoak ez dira inola ere sekretua nazioartean.

Aurreko astean New York Times berak eman zuen tratu txarren berri; Nazio Batuen Erakundeko errelatore Alice Jill Edwardsek esan zuen ikerketapean daudela hamaika tortura-salaketa; Euro-Med Human Rights Monitor erakundeko presidente Ramy Abduk adierazi du militar sionistek egindako torturen hamaika txosten bildu dituztela, eta abar luze bat. Baina palestinarrak modu masiboan atxilotzen eta modu basatian torturatzen jarraitzen dute soldadu israeldarrek, inpunitate osoz.

EZ DAGO IRUZKINIK