AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/04/03 11:33

Identifikazioak, kanporatzeak, jarraipenak, atxiloketak, zigor-mehatxuak... Azken asteetan ere ugariak izan dira lan politikoan aritu diren ikasleek hezkuntza zentroetan eta campusetan jasandako erasoak. Aurreko ostegunean, Ikasle Abertzaleakek antolatuta, greba egin zuten Hego Euskal Herriko bigarren hezkuntzako, lanbide heziketako eta unibertsitateko ikasleek, "enpresari handien menpeko hezkuntzaren kontra". Greba horri begira ikasleek izandako jardun politikoa sistematikoki jazarria izan da, IAk etengabe jakinarazi duenez.

Greba egunean bertan ere ez zen eten errepresioa. Campusetara goizetik bertaratu ziren polizia-indarrak, eta Gasteizko (Araba) campusean, esaterako, Elurreta ixten ari ziren ikasleak indarrez kanporatu zituen Ertzaintzak. Bilbon (Bizkaia) ikasle bat atxilotu zuten goizean, nahiz eta jarraian aske utzi zuten. Identifikazioak izan ziren, bestalde, Leioako (Bizkaia) campuseko, Nafarroako Unibertsitate Publikoko nahiz Tolosako (Gipuzkoa) piketeetan.

Osteguneko greba egunean, manifestazio bateratuak izan ziren Hego Euskal Herriko hiriburuetan, eta mobilizazioen amaieran egindako adierazpenetan, IAko kideek gogoan izan zituzten "ikasturte guztian zehar gertatu diren eta azken egunotan areagotu diren eraso guztiak, bai eta horren aurrean, beste behin ere, ikasle antolakuntzaren bitartez erakutsitako indarra eta determinazioa". Elkartasuna adierazi zien, esaterako, "campusetan lan politikoa egiteagatik identifikatuak izan diren ikasleei, greba eskubidea debekatu dieten ikasleei, ikastetxeetan zuzendaritzaren mehatxupean daudenei, irakasleen jopuntuan daudenei, Gasteizen zigor diziplinarioak jaso dituztenei, Lizarran eta Iruñean kanporatu dituzten ikasleei, Goierriko ikastetxean identifikatuak izan direnei eta pasa den astean jazarria eta atxilotua izan zen ikasleari".

Hurrengo egunean, Gasteizko musika kontserbatorioko ikasle baten egoeraren berri ere eman zuen: zentrotik kanporatzearekin mehatxatu dute, propaganda politikoa egiteagatik.

Gaur, protestak campusetan

Aurreko ostiralean Gasteizko musika kontserbatorio aurrean elkarretaratu ostean, ez dute etenik askatasun politikoen defentsan IAk egindako protestek. Gaurko, hitzorduak jarri dituzte Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) hainbat campusetan: kontzentrazioak egingo dituzte Ibaetako (Donostia, Gipuzkoa) campusean, Gasteizko (Araba) campusean eta Leioako campusean, 13:00etan. Modu horretan salatuko dituzte "martxoaren 30eko ikasle grebaren harira egon diren askatasun politikoen urraketak".

EZ DAGO IRUZKINIK