AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: La Auxiliar Navaleko enpresa batzordea
2020/02/19 11:15

Greba mugagabea hasi dute gaur Erandioko (Bizkaia) La Auxiliar Naval enpresako langileek. Enpresa batzordeak ohar batean azaldu duenez, azarotik ari dira langileak bizi duten egoera larriari irtenbide bat topatu nahian, baina "bide bakarra" utzi die Antonio eta Alberto Arredondo ugazaben "pasibitate eta immobilismoak": "Planto egitea, makinak itzali eta kalera ateratzea gure eskubideen eta etorkizunaren alde borrokatzera".

Izan ere, enpresaburuen kudeaketak "miseriara kondenatu" dituela salatu dute langileek: "Atzerapenak nominetan, higiene eta segurtasun falta, gure lanpostuak bermatuko dituen planik ez", eta abar. 2018an, esaterako, abuztutik abendura kobratu gabe egon zirela gogorarazi dute, eta berdina egin dietela iazko abuztutik aurrera ere. Gaur egun bi soldata eta erdi zor dizkiete langileei. Haietako zortziri aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea egin zieten, baina ez dute inongo ordainik jasotzen. Beharginek azaldu dute enpresa deskapitalizatu eta dirua beste enpresa batzuetara mugitu duela jabeak.

Alesako kideak gogoan

Enpresaburek 25 familia egoera kritikoan utzi dituztela ohartarazi dute La Auxiliar Navaleko langileek. Gogora ekarri dute, gainera, jabeetako batek antzeko egoeran eduki zituela Alesa enpresako beharginak, eta itxi egin zuela azkenean: "Denak kalera bidali zituen urte askoan lau sosengatik lanean eduki ondoren […] Hemen bazegoen lana eta krisiaren urte txarrenetan aurrera egiteko moduan egongo ginateke, zuzendaritzaren kudeaketagatik ez balitz".