Gernikako Estatutua (1979) berritzeari buruzko eztabaida publikoki berrartuko dute alderdi politikoek EAEn, Aitor Estebanen esanetan. EAJko buruak esan du datozen hilabeteetan zehar izango dituztela elkarrizketa "diskretuak" taldeek, eta urte honen amaierarako emaitzaren bat izateko asmoa erakutsi du, baikortasunez: "Ahalegin guztiak egingo ditu EAJk adostasuna lortzeko, eta ea abendurako zerbait daukagun".
"Estatus berria" deiturikoa lantzeko bidean, "Euskadi mailan ados jartzea" markatu du lehen pausotzat jeltzaleak, nabarmenduz urrats hori izango dela "errazena". Andoni Ortuzarrek, bere buruzagitza utzi aurretik, esan zuen elkarrizketak oso aurreraturik utzi zituela; batez ere EH Bildurekin eta PSOErekin, El Correo-ren arabera. EAEn erdietsitako balizko proposamena Espainiako Gobernuarekin negoziatzea izango litzateke bigarren pausoa, nahiz eta Estebanek berak zalantzan jarri duen PSOEren gobernuaren etorkizuna.
Azaldu du "oso zaila" izango dela Pedro Sanchezek aurrekontu orokorrak aurrera ateratzea, eta ez du hauteskundeen aukera baztertu, horrek guztiak estatutuaren ustezko berritzeari buruzko negoziaketan izango lukeen eragina argitu gabe. Gainera, autonomia-estatutuaren negoziazioa atzeratu izana PSOEren azken ustelkeria kasuekin lotu du jeltzaleak, Santos Cerdani eta abarri erreferentzia eginez. Hala ere, EAJko liderrak dio PSOEren gobernuarekin "modu leialean kolaboratzen" eta hura babesten jarraituko duela momentuz, EH Bilduk bezalaxe.
EH Bildu: "Akordiorako borondatea badago, posible izan beharko litzateke"
EH Bilduko Arnaldo Otegik ere hitz egin du autonomia-estatutuaren inguruan, Estebanen adierazpenen ondotik. "Akordiorako borondatea badago, posible izan beharko litzateke", adierazi du: "Denok pentsatzen dugu momentua hau dela, baina akordioek edukia behar dute, denen arteko akordioa behar da". EAJko buruak baldin bazioen Cerdanen atxiloketa dela "estatus berriari" buruzko eztabaida atzeratu izanaren arrazoia, Otegik defendatu du jeltzaleen zuzendaritzaren aldaketa izan dela kausa.
Horrekin batera, jeltzaleen lehengo ordezkariekin lortutako konfiantza azpimarratu du EH Bilduko liderrak, euren arteko akordioen alde agertzeko: "Urte asko generamatzan Ortuzarrekin eta Aurrekoetxearekin hitz egiten; oso sarritan egiten genuen". Eta bestalde, Espainiako Estatuko egoeraren ziurgabetasunari dagokionez, Otegik ere iragarri du Sanchezek zaila izango duela hurrengo aurrekontuak onartzea. "Inbestidura-blokea" aldarrikatu du zeharka, Madrilen "alderdi guztiek beren interes propioak defendatzea" kritikatzen duela iradokiz.