AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Twiterretik hartutakoa
2022/12/29 09:44

Espainiako Estatuko Barne Ministerioaren datuen arabera, 2022. urtean aurrekoetan baino pertsona gehiago hil dira Guardia Zibilak edo Espainiako Poliziak mendean hartzean eta atxilotzean. Izan ere, urtea hasi zenetik, hamabost lagunek galdu dute bizia polizia-indar horien eskuetan. Igoera handi bat izan da iazko datuekin alderatuta, 2021. urtean zazpi pertsona hil baitziren modu horretan.

2015eko apiriletik 2022ko azarora arteko datuak bildu ditu Barne Ministerioak. Zazpi urte eta erdian 59 heriotza izan dira Guardia Zibilaren edo Espainiako Poliziaren atxiloketetan; alegia, hildako bat 47 eguneko. Barne Ministerioak berak aitortu du, dena den, igoera handi bat izan dela aurten.

Heriotza horietatik 24 (%40) sailkatu dituzte "natural" modura, eta lau (%7), berriz, "suizidio" modura. Gainerako heriotzak, 31 (%53), "istripuak" izan zirela dio Barne Ministerioak.

Badirudi antzekoak direla Guardia Zibilaren eskuetan bizia galdu duten pertsonen kopurua eta Espainiako Poliziaren eskuetan hil direnena. Hala ere, aurten hil diren hamabost lagunetatik bederatzi hil dira guardia zibilek azpiratzean eta atxilotzean, eta azken hilabeteetan gora egin du polizia-indar horren eskutik izan diren hilketak.

Txostenak ez ditu jasotzen polizia-indar autonomikoen edota udaltzainen datuak; Hego Euskal Herrian eta Katalunian Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak, berez, ez daukate "herritarren segurtasunari" lotutako eskumenik. Hori kontuan hartuta, azken zazpi urte eta erdian Madrilen izan dira heriotza gehien Espainiako Poliziaren edo Guardia Zibilaren atxiloketetan; hamalau, hain zuzen. Sei izan dira Sevillan, bosna Cadizen eta Almerian, lau Valentzian eta hiru Balearretan.

EZ DAGO IRUZKINIK