Zortzi hilabete baino gehiago igaro dira Urola Kostako Kontseilu Sozialistak eskualdean Zentro Sozialista bat ireki zuenetik: Etxape. Hilabete luzez tokia egokitzeko lanetan aritu ostean eta espazioa egonkortzeko bermeak lortu ondoren, joan den apirilean aurkeztu zuten Zentro Sozialista berritua jendaurrean, eta jakinarazi zuten jardun politiko eta sozialerako prest zegoela jada Langile Kontrolpeko Espazioa.
Ordutik, hainbat eta hainbat ekimen antolatu dituzte Etxapen. Aholkularitza Bulego bat jarri dute martxan, oraingoz eskualdeko Laneko Autodefentsa Sareak erabiltzen duena soldatapeko lanean arazoak dituzten pertsonei aholkularitza eta babesa emateko, eta hitzaldiak eta tailerrak emateari ere ekin dio sare horrek; adibidez, nominak irakurtzen ikasteko tailerra.
Bestelako hitzaldi eta aurkezpenak ere egin dituzte Zentro Sozialistan azken asteetan; esaterako, etxebizitzaren arazoari buruzko jardunaldi batzuk, Errakiren Aukerak giltzapean bideoerreportajearen aurkezpena, edota Nafarroako ezker iraultzaileari buruzko saio bat Imanol Satrustegiren eskutik.
Uztailean ere, zenbait hitzordu
Urola Kostako Kontseilu Sozialistak hainbat hitzordu jarri zituen uztailerako ere. Atzo Modelo 77 filma eman zuten Etxapen, eta hurrengo ostiralean, hilaren 21ean, lan-egun bat egingo dute, espazioa egokitzen eta atontzen jarraitzeko. 16:00etan hasita lanean aritu eta gero, parrillada musikatu bat egingo dute Zentro Sozialistatik gertu, eta Trivial Gaua izango da horren ostean.
Uztailaren 27an, berriz, beste saio bat eskainiko du Etxapen eskualdeko Laneko Autodefentsa Sareak. Hain justu, Gipuzkoako ostalaritzako lan-hitzarmen berria aztertuko dute tailer baten bidez, eta zalantzak argitzen saiatuko dira. 19:00etan izango da.