AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/03/24 12:55

Euskal Herriko Gaztetxeetan bertsolari gazteentzako plazak sortzen jarraitzen du Gaztetxeak Bertsotan ekimenak. Aurreko ostiralean Hernaniko (Gipuzkoa) Kontrakantxa Gaztetxera eraman zuten zirkuitu berria, eta larunbatean, aldiz, Altsasuko (Nafarroa) Gaztetxera. Lehenengo bi kanporaketetan Itsasun (Lapurdi) eta Mutrikun (Gipuzkoa) gertatu bezala, ikusmina sortu dute bertso-saioek.

Bikoteka abesten ari dira bertsolariak. Hernanin Danel Etxeberria eta Janire Arrizabalaga, Ekhi Zuluaga eta Gorka Pagonabarraga, eta Enara Gallastegi eta Kattin Madariaga ibili ziren kantuan; Altsasun, berriz, Aitor Tatiegi eta Suhar Gesalaga, Elixabet Etxandi eta Eukene De los Aires, eta Haira Aizpurua eta Nahia Etxeberri aritu ziren. Ostiralean Zuluagak eta Pagonabarragak lortu zuten finalerdietarako sailkatzea, eta hurrengo egunean Tatiegi eta Gesalaga sailkatu ziren.

Lehenengo finalerdia ostegun honetan izango da, martxoaren 27an, Bilboko (Bizkaia) 7Katun; izan ere, Errekaldeko Etxarri II Gaztetxearen desalojoa dela-eta, hasieran apirilaren 3rako ezarritako hitzordua aste honetara aurreratu dute antolatzaileek. Gasteizko (Araba) Gaztetxean egingo dute bigarren finalerdia, apirilaren 10ean.

EZ DAGO IRUZKINIK