AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/05/28 10:23

Espainiako Bigarren Errepublika sortu eta gutxira, Pasaiako (Gipuzkoa) arrantzaleek haien lan-baldintzak hobetzeko grebari ekin zioten, zehazki, hiru aldarrikapen nagusi egikaritzeko: Sole Handira arrantzara joaten ziren langileek hilabetean 300 pezeta irabaztea, astean atsedenerako jaiegun bat izatea, eta lanaldia hamabost ordukoa baino luzeagoa ez izatea.

Horretarako, langileek Union Maritima sindikatua sortu zuten, eta patronalak eskakizunei ezetz esan ostean, grebara deitu zuten Maiatzaren Lehenerako. Horren ostean, Errepublikako Gobernua zubi-lanak egiten saiatu zen akordio batera iristeko, baina langileek haien aldarrikapenei eutsi zieten. Hala, maiatzaren 27an greba egin zuten, eta Pasaiatik Donostiara (Gipuzkoa) egin zuten martxa bat. Mirakruz gainean, dena den, Armadarekin topo egin zuten, eta pasatzen utzi zieten, nahiz eta aurrerago Guardia Zibila zegoela esan. Langileek aurrera jarraitu zuten, eta Ategorrietako Erlojura iristean, goizeko 10:00etan, tiroka hasi ziren guardia zibilak; zazpi langile erail zituzten hala.

Memoria ariketa

Ategorrietako Sarraskian eraildakoak oroitzeaz gain, Kontseilu Sozialista Donostiak memoria ariketen inguruko hausnarketa ere egin du. Izan ere, aurten sarraskiaren 90. urteurrena izanda, alderdi politiko askok oroitu dute gertatutakoa. Hala ere, Kontseilu Sozialista Donostiarentzat, alderdi horien helburu nagusia historia "folklore huts" bilakatzea eta gertakariak modu interesatuan erabiltzea da. Bestalde, omenaldiaren bidez, Errepublikako Gobernuari aurre egin zioten langileen borroketatik ikaspenak ateratzea dute helburu Kontseilu Sozialistako kideek.

Bestalde, historiaren bilakaera "klase borrokaren terminoetan" azalduko duen eta esperientzia hori guztia antolatzeko konpromisoa duen ikuspuntu politikoa hedatzea "komuniston betebeharra" dela adierazi dute.

EZ DAGO IRUZKINIK