AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2020/01/21 13:50

Urtarrilaren 24tik 27ra bitartean greba egingo dute Petronor enpresako langileek, aparteko lanorduen murrizketa exijitzeko. Hainbat aldiz bildu ostean, iazko uztailean akordioa lortu zuten enpresa zuzendaritzak eta langile batzordeak. Hala, beharginek egindako aparteko lanorduak murriztea eta langileen ordutegia errespetatzea onartu zuen enpresak. Hala ere, hitzetan baino ez zen geratu hori; zuzendaritzak ez du udan adostutakoa bete, eta hitz emandako neurriak ez dira ezarri.

Horrek "ezinegona" sortu du langileen artean, eta batzarra egin zuten azaroa amaieran. Hala erabaki zuten hilabete honetarako greba deitzea. Azaldu dutenez, bere horretan jarraitzen du lanordu estren arazoak; 2019. urtean, esaterako, aparteko 67.865 ordu egin behar izan zituzten. Datu horietan, gainera, ez dituzte hitzarmenetik kanpo dauden beharginek egindako orduak jaso.

Langileek diote enpresa zuzendaritzak "ez dituela bere esku dituen baliabideak erabili aparteko orduak murrizteko", zein langileen "atsedena eta kontziliazioa" bermatzeko. Gainera, duela hilabete batzuetatik hutsik dauden lanpostuek hutsik jarraitzen dutela salatu dute, baita enpresak 10 egunetik gorako bajak ez dituela betetzen ere. Muskizen (Bizkaia) eta Abanton (Bizkaia) daude Petronorren azpiegiturak.