Gaur, hilak 15, grebara itzuli dira Asteasuko
(Gipuzkoa) Siemens Gamesa lantegiko dozenaka behargin. 2018an agortutako lan hitzarmena berritzea eta azken urteetan langileen artean ezarri diren "diskriminazioekin" zein
soldata arrakalarekin amaitzea dira borrokaren helburuak.
Covid-19aren krisiaren harira Espainiako Gobernuak hainbat industria-jarduera eten zituenez, fabrikako ekoizpena zein grebaldia ere geldirik egon dira gaur arte. Beste milaka langileren antzera, geldialdian zehar "galdutako" lanegunak "berreskuratzera" behartu ditu patronalak Siemens Gamesako langileak.
Greba mugagabean
Erreleboka jarduten duten langileen sektorea gaur goizean batu da. Enpresako zuzendaritzak haiekin izan duen jarrera "are gogorragoa" denez, greba mugagabeari eustea erabaki dute. Krisialdiak sortu duen ziurgabetasunaren erdian, "egoera zaurgarrian" ikusten dute euren burua. Hala, salbuespen egoeraren testuinguruan Euskal Herrian piztutako lehen greba mugagabea da Tolosaldeko langile hauena.