AKTUALITATEA / Preso politikoak
Aske geratu da Karlos Apeztegia preso politikoa
22 urteko kartzelaldi bat eta lau urteko beste bat bete behar izan ditu irundarrak, eta gaur irten da Martuteneko espetxetik.
2022eko urriaren 14
Aske geratu da Karlos Apeztegia preso politikoa
— ARGAZKIA Etxerat

Gaur utzi dute aske Karlos Apeztegia preso politikoa, lau urteko espetxealdia beteta; goizean irten da Martuteneko (Gipuzkoa) kartzelatik. Guztira, baina, 26 urtez eduki dute preso, birritan kondenatu baitu Espainiako Auzitegi Nazionalak.

Hain zuzen, 22 urteko espetxe-zigor bat ezarri zion auzitegiak lehenengo, ETArekin lotuta. 2013an amaitu zuen kondena hori, eta atzean utzi zuen Puerto de Santa Mariako (Cadiz) kartzela. 2018an, baina, berriz atxilotu zuten, eta berriz zigortu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, ETArekin erlazionatuta. Ocañan (Gaztela) izan zuten gatibu 2020ra arte, baina Iruñean (Nafarroa) eta Martutenen bete du lau urteko zigorraren azken zatia.