AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / GEDAR
2022/10/07 23:34

Suediako International Institute for Democracy and Electoral Assistance (IDEA) erakundeak zuzenbide estatu demokratikoen indizeak aztertzen ditu herrialdeka. Espainiako Estatuari dagokionez, 2000. eta 2021. urteen arteko kasu-azterketa eginda, askatasun zibil eta politikoen multzoko indize gehienak jaitsi egin direla ondorioztatu du. Duela bi hamarkada, 0,92ko indizea erakusten zuen, 0 eta 1 arteko eskalan. Iazko emaitzak 0,78koak izan ziren, zuzenbide estatu demokratikoen printzipio oinarrizkoenak murriztu egin direla adieraziz.

Askatasun zibil eta politikoak neurtzeko baliatzen dituzten aldagaiak ondokoak dira: adierazpen askatasuna, biltzeko eta elkarteak sortzeko askatasuna, erlijio askatasuna, mugimendu askatasuna eta osotasun zein segurtasun pertsonala. Azken elementua izan da igo den bakarra (+0,03), gainontzeko guztiek beherakada nabarmena jasan baitute. Adierazpen askatasuna 0,80tik 0,69ra jaitsi da; biltzeko eta elkarteak sortzeko askatasuna 0,91tik 0,78ra; erlijio askatasuna 0,81etik 0,60ra, eta mugimendu askatasuna, berriz, 1,00tik 0,71ra.

Komunikabideen pluraltasuna eta demokrazia zuzena

Aurreko osagaiez gain, "komunikabideen pluraltasuna" deritzon printzipioak ere zuzenbide estatuak ezaugarritzen ditu. IDEAren arabera, Espainiako Estatuko pluraltasun mediatikoa 0,83 puntutik 0,68ra jaitsi da aipatutako epean. Erabaki politikoak ordezkaritzarik gabe hartzea baimentzen duten parte-hartze espazioen presentzia, "demokrazia zuzena", aldiz, 0,10etik 0,07raino gutxitu da.

Europako joera orokorra

Espainiako Estatua ez da salbuespena; Europa osoan nagusitzen ari den joerarekin bat dator. Oinarrizko askatasunak, oro har, 0,76tik 0,73ra jaitsi dira, eta askatasun zibil eta politikoak, zehazki, 0,79tik 0,74ra. Horren baitan, adierazpen askatasunak 0,01 egin du behera; biltzeko eta elkarteak sortzeko askatasunak 0,02; erlijio askatasunak 0,04, eta mugimendu askatasunak, bestalde, 0,1eko murrizketa izan du kontinentean.

EZ DAGO IRUZKINIK