AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/12/26 23:18

Neguan murgilduta, arropa eta mantak biltzeko kanpaina bati ekingo dio Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak Azpeitian (Gipuzkoa). Esklabak Zentro Sozialistan bilduko dute materiala urtarrilaren hasieran, eta beharra duten pertsonei banatuko diote gero. Zehazki, urtarrilaren 2an, 3an eta 4an egingo dute bilketa Esklabak eraikinean; 17:00etatik 19:00etara bitartean 2an, eta 10:00etatik 12:00etara bitartean 3an nahiz 4an. Gero, urtarrilaren 4an bertan banatuko dute bildutako materiala, 16:00etatik 22:00etara bitartean.

"Proletalgoa miseriazko errenten bitartez bizirauten ari den bitartean, burgesia poltsikoa diruz betetzen ari da", salatu du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak, bilketa kanpainaren berri ematean: "Osasun-arretako hainbat zerbitzuren itxiera, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzeko baldintzen gogortzea, oinarrizko produktuen prezioen igoera, etxegabetzeen gorakada… Adierazpen ugari ari dira normalizatzen azkenaldian, eta instituzioak joera horiek bultzatzen ari dira legeen nahiz erreformen bitartez". Kontseilu Sozialistak seinalatu du, gaur egun, bizi-bitartekoak ez daudela guztiontzat "baldintzarik gabe bermatuta", eta, beraz, beharrezkotzat jo du "kalitatezko bizi-baldintzen alde antolatzea".

Urola Erdian oinarrizko produktuen biltegi bat ere badauka martxan eskualdeko Kontseilu Sozialistak, 2020. urtetik. Ehunka laguni ematen diote babesa eta sostengua biltegi horren bidez.

EZ DAGO IRUZKINIK