AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/07/24 08:01

Ez Irentsi Arrazakeriaren Amua. Aldarri horren pean batu dira hainbat eta hainbat pertsona Algortan (Bizkaia), larriagotzen ari den arrazakeriari aurre egiteko asmoz. Atzo aurkeztu zuten plataforma, agerraldi baten bidez, eta kezkaz azaldu zuten kaleetan gora egin dutela jarrera eta diskurtso arrazistek: "Geroz eta ohikoagoak dira pertsona migratu eta arrazializatuen aurkako erasoak".

Seinalatu zuten Algorta ez dela "salbuespena", eta han ere "ohikoa bihurtzen" ari dela arrazakeria: "Diskurtso arrazista, batez ere magrebtarren kontrakoa, asko hedatzen ari da, bai komunikabideetan bai sare sozialetan, baina baita kalean eta ahoz aho ere". Horri lotuta, pertsona magrebtarren kontrako erasoak areagotzen ari direla jakinarazi zuten: "Astero izaten dugu erasoren baten berri".

Bestalde, "magrebtarren aurkako jazarpen polizialak eta kontrolak gora egin du", agerraldian nabarmendu zuten modura. "Algortako kaleak udaltzaingoz, ertzainez eta sekretaz josi dituzte", eta "etengabeak" dira pertsona magrebtarren kontrako "miaketak, jipoiak, identifikazioak, jazarpena eta irainak", Ez Irentsi Arrazakeriaren Mamua plataforma aurkeztu duten kideen esanetan.

Arrazakeriaren berehalako ondorio arriskutsuak

Hedatzen ari den jarrera arrazistaren kontra, beraz, argi hitz egin zuten: "Arrazakeriak miseriazko bizi-baldintzetan dagoen jendearen aurkako jarrerak bultzatu, pertsona migratu eta arrazializatuak kriminalizatu eta bazterketa egoera justifikatzen du".

Horretaz gain, arrazakeriak "ideia oso kaltegarriak zabaltzen" dituela uste dute; hala nola, "bizi-baldintzen okertzearen errudunak pertsona migratu eta arrazializatuak direla, bertokoak batu behar garela migratu eta arrazializatuei aurre egiteko, pobreenen kontra borrokatu beharra dagoela, presentzia poliziala areagotu behar dela", eta abar. "Faxismoari bidea irekitzen dioten ideiak azken finean".

Gainera, aitzakia horrekin eta "segurtasunaren izenean", Algorta "poliziaz betetzen" ari dela salatu zuten atzoko agerraldian. "Pertsona migratu eta arrazializatuen, gazteen eta orokorrean bizi-baldintza gogorrenak dituzteten aurkako erasoak" ugaritu egin direla esan zuten, "inpunitatez".

Arrakeriaren kontrako erantzuna eta elkartasuna antolatu

Hori guztia salatzeko eta egoerari aurre egiteko asmoz ekin diote lanari Algortan: "jarrera eta diskurtso arrazisten aurkako erantzuna eta elkartasuna antolatu" nahi dituzte, "sektore zapalduekiko diskriminaziorik egon ez dadin eta guztiok bizi-baldintza berdinak izan ditzagun".

"Langileok pairatzen ditugun eta pertsona migratu eta arrazializatuek are modu bortitzagoan bizi dituzten miseriazko bizi-baldintzak borrokatzea beste aterabiderik ez dugu", aldarrikatu zuten atzokoan. "Ildo horretan lan egiteko konpromisoa" erakutsi zuten, eta batez ere Algortako gazteriari egin zioten dei borrokara batzeko.

EZ DAGO IRUZKINIK