Aurreko ostiral goizean, Tolosako (Gipuzkoa) Arkaute etxeko arkupeetan lo egiten zuten pertsonak kanporatu zituzten udaltzainek, ertzainek eta Hirigintza zinegotziak. Hala salatu zuen Tolosaldeko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak: "Beren zenbait gauza kendu ondoren, kalean utzi dituzte, negu betean, inongo alternatibarik eskaini gabe". Hori gutxi balitz, hesiekin itxi zituzten arkupeak, inork bertan babes hartzeko aukerarik izan ez dezan.
"Biziraun ahal izateko zuten lekutik kanporatu dituzte", azaldu zuten sindikatutik. Horrekin, nabarmendu zuten "instituzioen funtzionamenduaren inguruko bi gauza agerian" geratu zirela: "lehena, etxebizitza-eskubidea bermatzeko ezintasuna", "gero eta pertsona gehiago bizi baitira etxerik gabe"; eta, "bigarrena, konponbideak ematetik urrun, egoera larriagotzeko duten rola, baita pertsona horien kriminalizazioan eta seinalamenduan sakontzekoa ere".
Erakundeek, "etxebizitzarekin negozioa egiten duten horiek babesten" dituzten bitartean, "proletalgoa erabateko miseriara kondenatzen" dutela ohartarazi zuen sindikatuak, eta gaineratu zuen: "Etxebizitzaren negozioarekin eta merkantzia izaerarekin amaitu ezean, ez da etxerik gabe dauden pertsonen arazoa konponduko, eta errealitate horri erantzun polizial eta baztertzaileak emateak ez du arazoa larriagotu besterik egingo".
Tolosako Udalaren erantzuna
Sindikatuak desalojoaren berri eman ostean, azalpenak eman nahi izan ditu Tolosako Udalak (EH Bildu). Hain zuzen ere, bere burua desenkusatu du esanez ez daukala nahikoa baliabide kale-egoeran dauden pertsonak artatzeko, eta kanporatuak izan ziren pertsonen gain jarri du ardura: "Udalak bizitegi-irtenbidea eman ahal izateko, eta eskatzaileen ibilbidea eta egoera ezagututa, esku-hartze prozesu baten barruan bakarrik eskaini ahal du laguntza, udalak ez baitu nahikoa baliabide kale-egoeran dagoen pertsona orori etxebizitza bat eskaintzeko. Eskaera oso altua izanik, eskaini ditzakeen etxebizitza mugatuak, bide horretatik besterik ezin ditu eskaini".
Gainera, beste udal batzuek (EAJren menpeko Donostiako Udalak esaterako) erabilitako argudiaketa antzekoarekin, ustezko "elkarbizitza-arazo" batzuk aipatu ditu Tolosaldeko udal-gobernuak, desalojoa justifikatzeko eta fokua desbideratzeko. "Bertan lotan zeudenetako batzuek sortu izan dituzte arazo horiek", adierazi du.