Gasteizko (Araba) Salburua Bigarren Hezkuntzako Institutua (BHI) gaur inauguratu dute ofizialki: Eusko Jaurlaritzako hainbat ordezkari, tartean Imanol Pradales lehendakaria, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua eta Blanca Guerrero sailburuordea, ikastetxera bertaratu dira inaugurazioan parte hartzera. Hala, bisita probestu dute bertako irakasleek hainbat salaketa eta aldarrikapen egiteko: "Normaltasun itxura bat ematen saiatzen diren bitartean, hezkuntza publikoaren okertzea eta langileon ezinegona agerikoak dira". Honela zioen sarreran jarri duten pankarta batek, gobernuko kideei zuzenduta nagusiki: Argazki gutxiago eta baliabide gehiago.
Langileek giza-baliabide falta salatu dute, batetik: "Baliabide gehiago behar ditugu. Psikologoak, ikasleen behar anitzei erantzuteko profesionalak, iritsi berri diren ikasleek hizkuntzak ikasteko plan errealak... Euskararik zein gaztelerarik ez dakiten ikasle iritsi berrien abandonu egoera ez da onargarria". Bestetik, hezkuntzako "digitalizazio inposatua" gaitzetsi dute, nabarmenduz "enpresa handien interesen araberakoa eta ikasleen ongizatearen aurkakoa" dela eta "helburu pedagogikoekin bat datorren gailu digitalekiko harreman baten alde" egin beharko litzatekeela. Horretaz gain, "burokratizazio gutxiago" eta "eredu pedagogikoa garatzeko denbora eta baliabide gehiago" edukitzea exijitu dute, baita, "inposaketen eta aldebakartasunaren aurrean, hezkuntza komunitatearen erabakiak errespetatuak" izan daitezela ere.
Aldarrikapen horien erakusle, gaurkoan hainbat mezu irakur daitezke Salburuako korridoreetan, langileek jarritako karteletan: "Gaur inauguratu eta jada itoginak dauzkagu", "Iritsi berri diren ikasleek hizkuntzak ikasteko baliabideak. Behar gehien dutenen abandonurik ez!", "Burokratizazioari ez! Lehentasuna ikasleak", eta abar. "Ikasleentzat kalitatezko hezkuntza bat lortzen ez dugun bitartean, irakasleok ez dugu amore emango", jakinarazi dute: "Lan-baldintzak hobetzearen alde borrokan jarraituko dugu. Eta ez gara soldata igoera bat aldarrikatzen ari, inondik inora. Lanez gainezka gaude eta ikasleei ezin diegu behar duten arreta eskaini".