Joan den abenduaren 14an Bilbon (Bizkaia) izan zen manifestazio jendetsuaren ondoren, etxebizitza eskubidearen aldeko beste mobilizazio deialdi bat egin dute Euskal Herrian. Datorren apirilaren 5erako, Donostian (Gipuzkoa) antolatu du manifestazio nazional bat Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, "egoera okertzen ari dela eta gizartean dagoen kezka soziala mobilizazio eta antolakuntza bihurtu behar dela" iritzita. Beste behin ere, etxebizitzaren negozioaren aurka egingo du sindikatuak, seinalatuz "enpresarien eta politikarien eskuetan ez dagoela etxebizitza arazoari irtenbide eraginkorrik" emateko aukerarik, eta "kaleetan egindako presioa dela aldaketa benetakoak lortzeko bidea".
Etxebizitza eskubidearen aldeko mugimenduak Espainiako Estatuko hainbat tokitan egin ditu mobilizazio deialdiak apirilaren 5erako, eta Euskal Herrian ere izango da deialdi propio bat. Deitzaileak, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, nabarmendu du "etxebizitza arazoari aurre egiteko neurri eraginkorrek bi baldintza bete" behar dituztela: "batetik, mobilizazio sozialaren fruitu izatea" eta, bestetik, "etxebizitzaren negozioaren kontura hartzea, eta ez hura indartuz". Sindikatuko kideek salatu dutenez, "azken urteetan hartu diren neurriek, gehienetan, higiezinen merkatuko irabaziak bermatu dituzte, alokairuaren igoera diru publikoarekin lagunduz edo etxebizitza gehiago eraikitzeko kolaborazio publiko-pribatua sustatuz".
Abenduaren 14ko manifestazioa Euskal Herriko etxebizitza sindikatu guztiek babestu zuten, baina, oraingoan, deialdira ez batzea erabaki dute Etxebizitza Sindikatuen Sarea osatzen duten bost sindikatuek. Hala ere, modu positiboan baloratzen dute Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak apirilaren 5erako antolatutako mobilizazioa.