AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/09/07 21:29

Ordaindu gabeko aparteko lanorduen kopurua igotzen ari da Espainiako Estatuan, Espainiako Estatistika Institutuak (INE) biztanleria aktiboaren inguruan eginiko azken inkestak azaltzen duenez. Duela bi urteko itxialdi sasoiko mailara iritsi da ordaindu gabeko lanorduen ehunekoa 2022ko bigarren lauhilekoan. Gaur-gaurkoz, enpresariek aparteko orduen %49 aurrezten dutela kalkulatu du INEk.

Gainbalio absolutuaren erauzketa horretan, milioi erdi langilek baino gehiagok euren bizitzetako 13 milioi lanordu oparitzen dizkiete enpresariei hilero, erabat muxutruk. Fenomenoak bereziki kaltetzen ditu emakumezkoak eta gazteak diren soldatapekoak. Espainiako Estatuaren Lan Ministerioan, bestalde, ez da fenomenoari aurre egiteko tresna eraginkorrik ageri, ezta borondate politikorik ere.

Hays aholkularitza-enpresak egindako inkesta baten arabera, itxialdian telelana egiten zuten langileen %61ek etengabe egiten zituzten aparteko lanorduak, eta ez zuten horien truke inolako soldatarik jaso; ezta jaiegun bidezko konpentsaziorik ere. Orain, telelanaren ehunekoa txikiagoa izan arren, aparteko orduek oro har, eta ordaindu gabekoek konkretuki, nabarmen egin dute gora. Paradoxikoki, Espainiako Estatuak Europar Batasuneko errekorrak hautsi ditu enplegu hutsen kopuruan eta langabezia tasan.

Izaera estrukturala

Ordaindu gabeko lanaldiarena bezalako iruzurrak berezkoak dira lan-merkatuan. Zenbait ekonomialarik nabarmentzen dutenez, fenomenoa modu koiunturalean indartzen zein apaltzen da: jarduera ekonomiko txikieneko garaietan uzkurtzeko joera du, eta gora egiten du Barne Produktu Gordina (BPG) igo ahala. Izatez, azken bi hamarkadetan aparteko ordu gehien izan dituzten hiruhilekoak higiezinen eta finantzen burbuila lehertu aurreko aldian kontzentratzen dira, edo Atzeraldi Handiaren ondorengo ustezko "suspertze-fasean". Ordaindu gabeko aparteko orduen errekorra 2008ko bigarren hiruhilekoan erregistratu zen, orduan 15,7 milioi ordu izan baitziren hilean.

Iturri sindikalen arabera, aparteko lanorduen gorakadak "lan arloko informaltasuna handitzen ari dela" erakusten du. Zenbait enpresaburuk, datozen hilabeteetako egoera ziurgabearen aurrean, nahiago dute beren langileak lanaldia luzatzera behartu, berriak kontratatzea baino. Halaber, jarduera ekonomikoa are gehiago moteltzea espero den bigarren seihilekoan, aparteko orduak jaitsiko direla aurreikusten dute sindikatuek.

Gobernuaren ezintasuna

2019an, Pedro Sanchezen gobernuak lanaldiaren erregistroa "nahitaezkotzat" jo zuen. Orduz geroztik, enpresek legez beren langileek egiten dituzten orduak kontrolatu behar dituzte, "ordaindu gabeko aparteko orduak saihesteko". Legez baino ez, ordea, errealitatea oso bestelakoa baita.

Araua indarrean jarri eta hiru urtera, enpresen erdiek ez dute lanorduen gaineko inolako kontrolik, eta ordaindu gabeko lanaldien kopuruak ziklo ekonomikoari lotuta jarraitzen du. Kenjo giza baliabideen enpresak egindako azterketaren arabera, Espainiako Estatuko hamar enpresatik hiruk baino ez dute ordutegi-erregistroa egiten, nahitaezkoa izan arren. Bestalde, ordutegien kontrolerako baliatzen diren plataforma digitalak enpresaburuek kontrolatzen dituzte maiz, erregistroak manipulatzeko aukerarekin.

Ikuskaritza, txantxa administratiboa

Espainiako Estatuko lan-merkatua lur emankorra da nagusien arbitrariotasunerako: Lan Ikuskaritzaren bitartekoak murritzak dira, eta lan-indarra, berriz, oso sakabanatuta dago (enpresen %75ek bost behargin edo gutxiago dituzte). Gauzak horrela, Lan Ikuskaritzaren bisita jasotzen duten enpresak gutxiengoa dira.

2020an 20.924 esku-hartze egin zituen guztira, 1,3 milioi konpainiaz osaturiko enpresa-ehunean. Ikuskaturikoen artean, hirutik batek baino ez zuen ikuskaritza gainditu, eta ondorioz, 5.610 arau-hauste atzeman ziren guztira. Bien bitartean, ordaindu gabeko aparteko orduak %15,7 gehitu ziren 2020ko hirugarren hiruhilekotik laugarrenera, ordaindutakoen bikoitza. Iruzur egoerak konpontzeko eskakizunak 5.946 izan ziren, eta kasuon ikerketaren harira, 6,2 milioi euroko isunak ezarri zituzten estatu osoan 2020. urtean zehar.

Ordutegien kontrolaren arloan, zehazki, Espainiako Estatuko enpresen %0,15en ateak baino ez zituen jo ikuskaritzak 2020an. 2.107 esku-hartze egin zituen, 381 eskaerarekin eta 388 arau-hausterekin. Horien ondorioz ezarritako isunen zenbatekoa 761.758 eurokoa izan zen; kopuru irrigarria, hilean 13 milioi ordu ordaintzeke utz ditzaketela ikusita. 2022ko Espainiako Estatuko ohiko soldata gordina urteko 18.480,19 eurokoa eta orduko 11,8 eurokoa izanda, enpresariek hilabete bakarrean eta aparteko lanorduetan bakarrik aurreztu dutena 154.175.000 eurotik gora zenba daiteke.

Lanaren digitalizazioak lanorduen erregistroan lagun zezakeen. Ikuskarien sindikatuak azaldu izan duenez, ordenagailuarekin lan egiten duten langileen VPN konexioaren bidez posible da euren lanalditik kanpoko orduetan martxan jarraitzen duten egiaztatzea. Ez da auzi tekniko hutsa, ordea. Ikuskarien ustez, arazoa ikuskapen horiek egiteko "eskurik eza" litzateke.

Lan Ikuskaritzako Kidegoaren 2020ko memoriaren arabera, Espainiako Estatuan 2.000 ikuskatzaile zein ikuskatzaileordetik gora daude, 20 milioi langile baino gehiagoren lan-baldintzak behatzeko, hau da, ikuskatzaile bakarra 10.000 langileko. Funtzionariotzaren beste sektore batekin alderatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko polizia-ratioa 10.000 biztanleko 75 poliziakoa dela ikus daiteke. Beraz, ez da giza-baliabide falta soilik, egiturazko mugek eragindako borondate politiko falta ere hor dago.

Genero-arrakala

Ordaindu gabeko aparteko lanorduen proportzioak ez du eragin berdina emakume langileen kasuan. Espainiako Estatu osoan, guztira, 880.500 langilek egiten dituzte behin eta berriz aparteko orduak. Horien artean, 453.000 inguruk ordainsaririk gabe egiten dituzte aparteko lanorduak, eta hori ohikoagoa da emakumezko langileen artean. Emakume langileen aparteko lanorduen %55,7 aurreztu dute enpresariek 2022an, gizonezkoen %45,1en aldean. Praktika hori ohikoagoa da sektore feminizatuetan, hala nola, jarduera zientifikoetan, hezkuntzan; izan ere, aparteko orduen %70 baino gehiago ez da ordaintzen, eta bi gremio horiek ordaindu gabeko aparteko lanaldi guztien ia herena osatzen dute.

EZ DAGO IRUZKINIK