AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Ander Balanzategi/El Salto
2024/02/07 09:33

Pertsona bati epaiketa egingo diote gaur Bilbon (Bizkaia), KEM-MOC Talde Antimilitaristak jakinarazi duenez. 700 euroko isun bat eskatzen dute bere kontra, gastu militarra salatzeko ekintza batean parte hartzeagatik. 2022ko apirilean izan zen protesta-ekintza, Bilboko Juan de Garay kuartelean.

KEM-MOC kolektiboak protestara deitu du gaurko, epaituko duten pertsonari babesa emateko eta, beste behin ere, gastu militarra salatzeko. Eguerdian, 12:30ean, Barroeta Aldamar kaleko epaitegira bertaratzera deitu du.

Bestalde, ohartarazi du 2022ko ekintza horretan parte hartu zuten lagun gehiago ere badaudela auzipetuta, hiru zehazki, eta datozen hilabeteetan epaituko dituztela. Kide antimilitarista gehiago ere epaitu dituzte oraintsu; esaterako, duela urtebete eskas, bi pertsonari egin zizkieten epaiketak Bilbon bertan, kuartela "eraisteko" protesta-ekintza bati lotuta. 36 hilabeteko kartzela-zigorrak eta 9.000 euroko zigor ekonomikoak eskatzen zituzten haientzat, baina, azkenean, 720 euroko isuna baino ez zieten jarri.

EZ DAGO IRUZKINIK