Aurreko ostiralean, otsailaren 14an, bilera urgente bat egin zuten Tubos Reunidos enpresako zuzendaritzak eta langileen ordezkariek. Zuzendaritzak horrela jakinarazi zien itzali egin duela Amurrioko (Araba) lantegiko labeetako bat, argudiatuta azpiegitura ez dela gai beharrezkoa den tenperaturan funtzionatzeko. Itxura denez, labea amatatu dute oraingoz eta, tenperatura erabat jaisten denean, zein matxura ote duen aztertuko dute. Atzo bertan ekin nahi zion prozesu horri enpresak.
Labearen itzaltzeak langileengan eragina izango duela ematen du. Izan ere, bi aukera atera zituen mahaira zuzendaritzak: labea amatatu izanagatik beharginek etxean geratu behar badute, aurrerago egitea lan-ordu horiek; edo, bestela, indarrezko erregulazioko espediente bat ezartzea.
Aiaraldea komunikabideak jaso duenez, ESK sindikatuko ordezkariek diote zuzendaritzako buru baten ardura dela labeak matxuraren bat izatea, entzungor egin zielako bai beharginek bai fabrikako arduradunek emandako abisuei. "Euren errua izan da, ez dakigu zergatik ordaindu behar dugun guk euren hanka-sartzea", salatu dute. Eta, gainera, badirudi zuzendaritzak murrizketak egin dituela labearen mantenu-lanetan.