AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Targato CN
2023/06/29 23:05

Azkenean, 23 urteko espetxe-zigorra jarri dio Alfredo Cospitori Turingo Zigor Auzitegiak, bere kontrako kondena berrikusita. Preso politiko anarkista sei hilabetez gose greban egon ostean hartu du erabakia helegite-auzitegi batek, bai eta Italian, Grezian zein Espainiako Estatuan hari babesa adierazteko hamaika protestaren ondoren ere.

Izatez, biziarteko kartzela-zigorra jarri zioten lehenago Cospitori, eta 2022ko maiatzetik izan dute 41-bis deituriko isolamendu-erregimen gogorrean. Erregimen horren kontra jo zuen gose grebara 2022ko urrian, eta sei hilabetez eutsi zion borrokari: apirilean utzi zuen bertan behera baraualdia, ezarritako zigorra berrikusteko bide bat irekitzea ziurtatu zuenean.

Auzitegi Konstituzionalak arrazoia eman zion Cospitori eta "legez kontrakotzat" jo zuen Zigor Kodearen 69. artikuluaren zati bat. Zati horrek debekatu egiten omen die epaileei, biziarteko zigor bat izan daitekeenean, aringarri ebentualak izan daitezkeenak kontuan hartzea.

Cospitok urtebete baino gehiago darama 41-bis erregimenean, "talde anarkisten ekintzak eta protestak gidatzeko ahalmena duela" hartu baitute aitzakiatzat autoritateek. Italian, "krimen antolatuko" presoentzat jarri zuten martxan zigor-erregimen hori: egunean bi orduz baino ez diete uzten aire librean egoten, ia erabat debekatuta daukate kanpo-kontaktua izatea (hilabetean bisita bat baino ezin dute izan, beira handi batek bereizita beti, eta ezin dute idatzizko harremanik izan), eta konfiskatze sistematikoak egiten dizkiete. Italiako 750 preso inguruk jasaten dituzte tortura-baldintza horiek.

55 urte ditu Cospitok, eta 2014an espetxeratu zuten. Hasieran, hogei urteko zigor bat jarri zioten 2006an Karabineroen ofizial eskola batean bi bonba-pakete jartzeagatik, eta bederatzi urteko beste zigor bat, 2012an enpresaburu bati hanketara tiro egiteagatik. Aurreko urtean, ordea, Auzitegi Gorenak ebatzi zuen ez zitzaiola "sarraski arrunta" leporatu behar anarkistari, "sarraski politikoa" baizik. Zigorra berrikusteko eta biziarteko kartzela-zigorra ezartzeko aukera zabaltzen zuen horrek, eta isolamendu-erregimenean sartu zuten.

EZ DAGO IRUZKINIK