Hamasek eta Israelgo Estatuak berriki adostu dute su-eten bat, eta itunaren "bilakaera zehatza oraindik argitu gabe dagoen arren", horri buruzko adierazpen bat argitaratu du Palestinarekin Elkartasuna plataformak. Lehenik eta behin, nabarmendu du "palestinar herriaren eta erresistentziaren lorpena" izan dela akordioa. Izan ere, gogorazi du Israelgo Estatua ez dela gai izan "urriaren 7aren ondoren abiatu zuen ofentsiba militarraren helburuak betetzeko, ez baitu lortu Gaza osotara kontrolpean hartzea eta erresistentzia palestinarra suntsitzea". Horren ondorioetako bat litzateke azken su-etena: "Akordioa betez gero, 1.700dik gora preso politiko palestinar aske geldituko dira, azken hilabeteetako milaka errefuxiatuk Gazara itzuli ahalko dute eta Israelgo Armadak Gazatik atera beharko du".
Plataformak ohartarazi du, baina, "Israelek Gazan eta Zisjordanian erasoak gelditzea ez dagoela ziurtatuta": "Estatu sionistaren izaerak berak ez du zentzu horretan inolako bermerik ematen. Akordioa adostu berritan, Israelek bere aire-erasoak areagotu ditu eta dozenaka palestinar gehiago erail ditu Gazan, eta su-etena indarrean sartzen denean ere estatu sionistak akordioa hausteko aukera handiak daude".
Eta nabarmendu du, gainera, "su-etenak palestinar herriaren sufrimendua arindu eta erresistentziari arnasa emango badio ere, Israelen zapalkuntza kolonialak jarraitu" egingo duela. "Akordioaren bidez Mendebaldeko [...] agintariak Estatu Batuen negoziazio-gaitasuna goresten eta Israel normalizatzen saiatuko diren arren, ezin ditugu estatu sionistaren krimenak zein Estatu Batuen kolaborazioa ahaztu", gaineratu du.
"Israelen existentziak berak ezinezko egiten du Palestinaren askatasuna", laburbildu du Palestinarekin Elkartasunak. Hori dela eta, "Israelen eta bere konplizeen aurkako borrokan tinko jarraitzera" deitu du, ulertuta "Palestinaren askatasuna estatu sionistaren desagerpenetik baino ezingo dela etorri". Ezinbestekotzat jo du, hortaz, "palestinar herriaren erresistentzia babestea eta Mendebaldeko herrialden konplizitate eta harreman oro eteteko langileon antolakuntza sustatzea". Horri lotuta, eta otsailaren 7an Maccabi Tel Avivek Gasteizen (Araba) jokatuko duela ikusita, partida bertan behera gera dadila exijitu du plataformak eta mobilizatzera deitu du. Aurrerago emango du deialdi zehatzen berri.