AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Aitzol Gogorza espetxetik atera denean
2019/04/30 10:46

Aitzol Gogorza Otaegi (Errenteria, Gipuzkoa, 1975) euskal preso politikoa espetxetik atera dute gaur, asteazkena, falta zaion zigor zatia etxean bete dezan. 1999an atxilotu zuten frantziar estatuan, eta han 10 urteko zigorra bete ostean, espainiar estatura mugitu zuten. Bertan, Auzitegi Nazionalak 20 urteko zigorra ezarri zion. Hasieran, Soto Del Real espetxean egon zen, bakartze egoeran. Ondorioz, bere gaixotasuna larritu egin zen. Gerora, 2012an, Basauriko espetxean sartu zuten, eta bertan egon da preso gaur arte.

Esan bezala, gaixotasun larria duen presoa da Gogorza. Jaiki Hadik salatu duenez, azken bost urteetan 27 aldiz eraman behar izan dute ospitalera. 2016an bere egoera salatzeko gose greba bat egin zuen, baita hainbatetan graduz aldatzeko zein baldintzapeko askatasuna eskatu ere. Azkenik, aurrera egin dute 100.2 artikuluak eta Basauriko espetxeko Tratamendu Batzordeak luzatutako proposamenak, eta bigarren gradua “modu malguan” ezarri diote Gogorzari.

Unai Lopez de Okariz Granadatik Darocara hurbildu dute

Bestalde, Granadako espetxetik Darocakora gerturatu dute Unai Lopez de Okariz euskal preso politiko gasteiztarra. 815 kilometrora egotetik, 290 kilometrora hurbildu dute. Espainiako Espetxeetako Instituzioek aurretiaz adierazi zuten gerturatu egingo zutela, Idoia Martinezekin eta Oier Urrutiarekin batera.

Berriak emandako datuen arabera, “Espainiako Estatuan 225 euskal preso inguru daude; horietatik zortzi baino ez dauzkate Euskal Herrian. Lehen graduan,%80 inguru.”